Postontzia

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2017ko uzt. 2a, 20:33

Xinple hasi zen: postontzira iristen zitzaizkigun iragarkiez aspertuta eta nire iragarki-banatzaile garaietako esperientzia oroituz (bai, kontraesankorra naiz) «Publizitaterik ez, mesedez. Eskerrik asko!» jarri genuen postontzian. Bi egunera «ez» horri gainean X handi bat egin eta BAI idatzi zioten.

Misterioa! Enfin… Papertxoa kendu eta, apur bat sinestezinik-haserre-nahastuta, beste bat jarri genion. Baina hara non, handik gutxira gauza bera, oraingoan fosforitoz, ondo ikus zedin. Baten batek intentzioa behintzat jarri zion.

Nonbait irakurri nuen iragarkien mundua ikaragarri aldatu dela. Antzina, ohikoena denda edo taberna sarreretan bertako produktuak zizelkatzea zen. Erroma Zaharrean pareta batzuk zuriz margotzen omen ziren, nahita, bertan iragarkiak idazteko. Askoz beranduago etorri ziren, XIX. mendean jada, kristalezko erakusleihoak, dendako generoa erakusteaz gain nahita deigarri gisara atonduak.

Eta bat-batean fenomeno sotil bat: iragarkiak, pixkanaka-pixkanaka, leku publikoa (autobusetako markesinak, frontoiak,…) hartzen hasi ziren oharkabean. Lehen leku arautua uzten bazitzaien, gero espazioa erosten hasi zirela, alegia. Pixkanaka, herri giroan, paisaian, merkatuaren arauak, kontsumitzearenak, logika lukratiboarenak nabarmentzen hasi ziren. (Madrilgo Sol-en fatxadak obratan daude erabat, bertan iragarki erraldoiak jartzeko soilik; Sobietar Batasuna erori eta Moskun McDonald's bat irekitzea kapitalismoaren garaipentzat ospatu zuten.)

Eta gaur? Ikaragarria da, baina siesta garaian gurekin loturarik ez duen telefonia-enpresa batek euren produktua salduz deitzea ohikotzat hartzeraino joan gara. Ezin ikus dezakegu ia, gure normaltasunean, noraino sartu zaigun publizitatea. Gure bizitza bera ihesbiderik gabeko merkatu erraldoi bat da honez gero. Horregatik, espero dut gure postontziko graffiteroa gutxienez publizista izan eta hortik bizimodua ateratzea. Ze bestela, gu izorratzeagatik egiten badu, esan nahiko du merkatuaren logika hain dugula barruraino sartuta ze kabroikeriarik ere ezin baitugu egin hartatik kanpo.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!