Ingurune ohikoa ez dutela nabari da: andrea ozenegi ari da hizketan; «no, ¡Prudentzio! Aquí tienes que sacar, en la máquina». Gizona marmarka soilik komunikatzen da, begiratua jaso gabe.
Normaltasun itxura eman behar horrek, nirea bezalako erdara azentudunak eta andreak gizonaz egiten zituen barre urduriek («ay, este hombre») pizten dizute argia buruan: probintzianoak. Segapotoa atera eta begiratzen duzu Wikipedian. Provincia. Erdaraz. Izena erromatarrengandik dator eta por+vencer edo litzateke itzulpen literala. Garaitutako eskualdea zela probintzia, alegia. Eskema argitu zaizu: Erroma(hiria) vs probintzia(rurala).
Gero, errenkadan hainbat irudi: zu bezain aldeanoa den gaztea bera baino boronoago diren gurasoekin erdaraz Tolosako perian; inauterietan, mozorrotzeko aitzakian, ilustratuen arropa dotorea janzten jendea. Eta beste aldetik: bost urterako umeak erdara eskasa daukala esaten dizun mediku elebakarra edo tesia euskaraz egitea ulertzen ez dizun akademiko loriatsua.
Buruari bueltaka ari zara, halako autogorrotoa sartu dioten jendeaz errukitzen. Askoz sanoagoa dela zarenari uko egin gabe eboluzionatzea uste duzu. Trena etortzen da. Eseri eta berogailuaren beroak alkandora berria irekiarazten dizu. Botoiekin ari zarela dator pika. «El tique, por favor» esan dizu. «Un segundo, por favor» erantzun diozu otzan eta deseroso. Esaldi batekin garaitu zaituela konturatu zara eta zapata dotoreetara makurtzen duzu soa, Kapitalerako txartela bueltatzen dizun bitartean.