Ez? Sagardotegian bai!

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2017ko ots. 12a, 11:59

Lagun artean izan genuen, duela ez gehiegi, halako krakateko bat. Mezetara joen behar izaten dugun aldi arraro horietako batean ez genuen ba, Albizturren, Albizturko elizan bertan, apaiz beltz bat ikusi? Ez misiotan Afrika aldean eguzkiak txigortu eta bueltan tenpluko prexkora etorritakoren bat, ez. Bene-benetako beltza. Euskaraz gainera.

Sekula halakorik! Kontua da, egoera transgresore hartan, mezarik ere entzun ezinik egon ginela. Bistan da elizan egoteko trebetasuna galdu dugula.

Eskerrak, Glaukomakoek dioten gisan, egun Facebook-en bidez ematen diren mezak eta ez garen gure dosirik gabe geratzen. Han ateratzen zaizkizu, nahi ezta ere, Podemosekoen azken protesta iraultzailea, Errauskailuaren aurkakoen edo Gure Eskuren enegarren bideoa, edozer. Halaxe jaso nuen bigarren krakatekoa (ez dugu sustotarako ere egiten). Emma Garcia, mujombresekoa, Legorretara zetorrela sagardotegi denboraldia irekitzera. Hor, atento bainengoen, segituan ulertu nuen meza.

Ulertu nuen modernizatu egin garela. Ulertu nuen sagardotegian jada ez dela Varon Dandy usaina parrillako txuletarekin nahasten, korteju komentario astakirtenen artean. Ulertu nuen findu egin garela eta, orain, «ez matxistak eta ez feministak» diren tronisten gortesauak gonbidatzen ditugula, berdin-berdin direlako goierritar peto-petoak, nahiz eta legorretar gehienei ezingo dien euren hizkuntzan hitz egin. Ulertu nuen inork ikusten ez (omen) duen telezaborra eta ergelkeria banderatzat dituen aurkezlea ekartzeko prest gaudela, horrek jendea ekarriko badu.

Ulertu nuen, baita ere, bigarren krakatekoak lehenak baina gutxiago astindu gintuenez, lanak izango genituzkeela afalostean ETB1 ikusten duten horiei kargu hartzen kontraesanean erori gabe. Edo ezingo diogula Orbelan aurkezleari ezer aurpegiratu bere programarengatik, lotsagorritu gabe. Baina tira, Ttun Ttun Brigadek esaten du (entzun, entzun, Youtuben!) sagardotegian dena libre dela. GTG 3x2 telebistan? EZ! Emma Garcia sagardotegian bai! Horrelaxe gara, ba.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!