Idatzi, ordea, nola idatzi! Lan ederrak hartu zituen tokatu zitzaion aldaketa garaia nolabait ulertu behar eta nobelak, antzerkiak eta beste idazten.
36ko gerra hasi aurretik hil zen Ramon. Pena, zein bestela seguru As duas Marías-en istorioa idatziko zukeela. Egia… Wikipedian begiratzeak pereza, ezta? Ba laburpena: frankismo beltzaren ankerrak erotu egin zituen bi ahizpa. Gero, gerra ostean gorri eta neskazahar izatearen zaputzari bizkar eman eta dotore asko ibiltzen ziren soineko bizi pikante eta musu margotuz; gaztaroa igarota ere, unibertsitario gazteak limurtzeko asmoz ibiltzen omen ziren pasieran.
Iragan beltzetik eta orain grisetik kanpo, Corelia eta Maruxa koloretsu ibili omen ziren kaleei bizia ematen. Ordainetan orain estatua bat daukate Alamedako parkean, turista guztiek ateratzen dute eurekin argazkia eta herriaren espektakuluaren parte bihurtu dira. Batzuk kexa dira euren istorioa, Valle-Inclánek gorde izan balu aski ezaguna litzatekeena, gero eta ahaztuago dagoelako. Gazteek ez omen dute kontuan hartzen estatua horren esanahi historikoa.
Eta ni momentuan gogoratu naiz gazteok ezagutzen ez dugun euskara jatorraz, ahaztu ditugun iragan borrokez eta «hemen» jendeak sufritu duenaz. Eta segituan pentsatu dut ez ote zaizkigun bizkarra gurea ez den zamaz kargatzen ari; ez ote genukeen Corelia eta Maruxaren antzera iragan beltzetik eta orain grisetik askatu behar kaleak gure-gure kolorez janzteko.