Pixukideei gutuna

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2016ko urr. 16a, 13:28

Ba behin irakurri nion Sloter… bueno, ez du inporta. Behin irakurri nion tipo bati testuak, iritzi artikuluak eta zutabeak gutunak zirela, jendeak denboran eta espazioan zehar barreiatu nahi zituenak. Zer pentsatua eman zidan, batez ere nik gutunik aspaldian idatzi ez nuelako.

Ez horrela begiratu. Zuek noiz idatzi zenuten, ba, azken gutuna? Nork hartuko du gutuna idazteko lan hori? Correosera joan, kola egin bide batez, deskontua egiten al dute ume karroarekin bulegora joateagatik? Zer negar festa da hori? eta zigilua 45 xentimo ordaintzea nahikoa ez eta gainera idazten, eskuz idazten, jarri behar. Ondo pentsatu behar zer duzun idazteko, askotan jakinda esandakoak inportantziarik ez duela, orrialdea beteko baduzu. Demaseko ahalegina.

Noski, noski… jakina. Whatsappa, Skypea, emaila, facebooka, tuentia, … (Hi, tuentia ja ez. A, egia.) dauzkagu esan beharrekoa di-da esan eta balizko gutun-hartzaile harekin pakeak egiteko. Azkarragoa, erosoagoa eta eraginkorragoa dena. Eta hala ere, zein aldea baten eta bestearen artean, ezta? Inori gustua ematearren postetxeko trantzea pasatzeak erakusten zuen zenion estimua. 35 aldiz mugikorraren pantaila zapaldu eta minutu batez hartzailea gogoan duzula kalean oinez ibiltzeak ere erakusten du zerbait, baina, detailea, detailea ez da.

Eta nik detailea nuen maite. Horregatik, den-dena aurrez pentsatuta, zutabe hau nire pixukideez gogoratzeko erabili nahi dut (aupa zuek!). Gainera, lehen bat ere ez, orain aldiro jasoko duzue nire gutun-zutabea etxean etxea are eusnobagoa izango da. Irakurle, liluratuta geratu zarela nire okurrentziarekin? Ba hartu inspirazioa. Erasmusen zaudela? Emaiezu lagunei sorpresa bat, alferkerian zaude-ta. Karrera amaitu zenuenetik Gasteizko lagunak agurtu gabe, ezta? Etxetik independizatu eta bizi zarela jakiteko gurasoek deitu behar? Bada garaia haiengatik lan pixka bat hartzeko, makina bat urtetan izan dira zuen pixukide. Gustura hartuko dute. Halakoak eskertuko lituzketela esaten didate niri etxekoek behintzat.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!