Txaloaldi eder batekin hartu ditu Donostiak eguneko sei bertsolari eta gai jartzailea txapelketako sintonia entzun bezain pronto eta ez da isildu eguneko protagonistak oholtzara igo eta aulkietan eseri arte. Bertsolariek ere agur humoretsuekin hasi dute saioa publikoaren harrerari erantzun nahirik bezala.
10eko txikia izan da saioko lehen ariketa fase berri honetako ordenak aginduta, eta nabaritu da eguneko lehen ariketa dela ez baita ahal bezain borobila atera aukeran. Azpimarratzekoa izan da Aitor Mendiluzek eta Aner Peritzek egindako Donostiako afari solidarioen inguruko ofizioa, pisuzko argudioak erabiliz ofizio polita osatu baitute.
8ko handiko ariketa izan da hurrena eta gaiek rol bitxietan jarri badituzte ere bertsolariek ondo erantzun diote kantakera kritiko eta zorrotzarekin, Saioa Alkaizak eta Julio Sotok egindako klase arteko ezberdintasunen kritika izanik adibide garbia.
8ko txikian humoretsu aritu dira hiru bikoteak eta plaza barrez lehertzea lortu zuten ariketa honetan, bereziki Aitor Mendiluzek eta Joanes Illarregik kontrolean jarritako poliziaren eta positibo emandako abadearen paperetik egindako ofizioak.
Puntu erantzunek ordezkatu dute puntutako ariketa eta bertsolari bakoitzak gai bana jaso du erantzun beharreko puntuak kokatu ahal izateko. Ariketa dinamikoa izan da orokorrean eta bertsolariek bizi eta fin erantzun diote jarritako lanari.
Saioko etenaldian taberna eta komuneko ilarak sortu dira jendeak porrak eta ikuspuntuak partekatzen dituztelarik, baina hasteko abisuak eman bezain pronto azkar aulkiratu da jendea azken ariketa entzuteko gogoz.
Ganbarako gaia isiltasuna hausteari buruzkoa izan da, eta bertsolariek halaxe egin dute bai gaien eta baita Ilunben bertan ere bakoitzak bere bide eta gaiarekin orokorrean serioak izan direlarik. Peritzena galanki txalotu dute, aspaldi ikusi ez duten lagun bat kuadrillako bazkarira nola agertu den kontatu digularik era finean. Agin Labururenak tonu serioa bazuen ere kontatzeko modua gozo eta gertukoagoa dira besteenarekin alderatuta desberdindu dutenak.
Epaileek batuketak egin eta emaitza aurkeztu ondoren Aitor Mendiluze izendatu dute saioko txapeldun 760 puntu lortuta, bigarren eta hirugarren postuetan Joanes Illarregi eta Aner Peritz geratu zirelarik elkarrengandik gertu. Orain Gasteiz eta Bilboko saioen zain geratu beharko dugu finaleko txartelerako nork eskuratuko dituen ikusteko.