Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Bertsoaren jai alaia

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Zeberio

Joan zen larunbatean bertsozalez bete ziren Gernikako Jai Alai pilotalekuko harmailak. Xalbador hil zenetik mende erdi betetzen zen egun hartan Urepeleko artzainari egin ziezaiokeen omenaldirik onena egin zitzaion: barreak, hunkidura, txalo zaparradak… Bertaratu ginen guztiok, pilotalekuaren izenak agindu bezala, bertsoaren jai alai bat entzuteko aukera izan genuen.

Sei bertsolariek saio bikaina eskaini zuten arren, Aitor Mendiluze gailendu zen azkenean. Ariketa guztietan bikain moldatu zen Andoainen jaioa; are gehiago, zortziko handian, puntutan eta hamarreko txikian puntu gehien jaso zuen bertsolaria izan zen, lehenengoan alde handiarekin gainera. Ariketa horretan, hain zuzen ere, Ane Labarekin funts putreen inguruko lanketa bikaina egin zuen, beraien etxebizitzaren jabe den bankuak hura funts putre bati saldu dion berria jaso duen bikotearen paperetik. «Etxea eman egin diete, saldu gu saldu gaituzte» bezalako puntu bikainekin bikain ehundu zuten ofizioa bi gipuzkoarrek.

Bazirudien Irurako bizilaguna alde handiarekin nagusituko zela, baina bakarkako ariketan poto batek dena hankaz gora jarri zuen. Dena den, arestian esan bezala, azkenean saioa irabazi zuen, baina zegokiona baino sufrimendu gehiagorekin.

Bere atzetik Aner Peritz eta Joanes Illarregik 707 puntu egin zituzten bakoitzak, baina lehena gelditu zen aurretik bakarkako puntuazioagatik. Zarauztarra oso xume hasi zen arren, ondorengo ariketa guztietan ezin hobe jardun zuen, umoretik bereziki; leitzarra, ordea, ez zen inongo momentuan erori, eta puntutan eta hamarreko txikian nabarmendu zen Aitor banarekin. Haien atzetik, 703.5 punturekin, Ane Labaka geratu zen, ariketa guztietan zeresana sortuz bere hitz joko eta errimategi zabalarekin. Bestalde, argi geratu zen ez zela bi Aitorrentzat saio desiratua izan; izan ere, saio osoan bikain moldatu zen arren, poto batek bosgarren postura kondenatu zuen Aitor Bizkarra, 694 puntu bilduz. Azkenik, Agin Laburu ofiziotan bikain moldatuagatik, azken postuan amaitu zuen 687 punturekin.

Hau dena esanda, saio gazi-gozoa izan zen Mendiluzerentzat: irabaztearen lasaitasuna, baina poto batengatik hurrengo saioan huts egiteko marjina txikiarekin. Izan ere, sailkapenari erreparatuz, garesti daude finalerako 7 postuak, bosgarren sailkatutik hamargarrenera 12 puntu baino ez baitaude, oraindik kanturako beste sei bertsolari geratzen direlarik. Ondorioz, andoaindarrak berriro finalean kantatu nahi badu, ezingo du hutsik egin Donostian.

Erlazionatuak

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!