Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa 2026

Oholtzako ahizpatasuna

Erabiltzailearen aurpegia Naiara Arreseigor

Iturria: Bertsozale Elkartea

Larunbat 17:00etan hasi zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketako bigarren finalaurrekoa armaginen herrian, Eibarren. Lekuak berak argi dioen moduan, Igotz Alkortaren eskutik pauso zurrun eta tinkoz sartu ziren gerlariak  Ipuruako kiroldegian barrena, hurrenez hurren, Alaia Martin, Oihana Iguaran, Nerea Ibarzabal, Miren Artetxe, Asier Azpiroz eta Nerea Elustondo euren hitzen kartutxo guztiak baliatu asmoz.

Bost eme eta ar batek osatutako  oholtzak izan zuen gai eta bertsoaldi ezberdinen artean, iritzi kritiko, eraikitzaile, doinu berri, umore eta hunkidurarako abagunerik. 

Zortziko handian sendo hasi ziren Alaia eta Oihana, umerik ez izateko hautua egin zuten bi lagunen paperetik. Arrazoiketetan fin eta jendartearen zati bat islatzen duen egoera, oso sinesgarri aritu ziren. Hautu hori zilegi dela adieraziz. Arroza pasatzearen juzgu merkea irauli eta pertsona osotasunean aintzat hartu zuten. Zortziko txikian Asierrek eta Oihanak umoreari heltzeko ahalegintxoa egin zuten tronpeta jotzen hasi berri den aita eta haren alabaren arteko elkarrizketarekin. Tarteka bertsoren batean entzuleen algarek estali zituzten txalo zaparradak. Puntukako ariketak, biziak, arriskutsuak eta umoretsuak izan ohi dira, baina azken honen falta sumatu zen orokorrean. Ez zuten puntukako saioetan goia jotzerik lortu. Bakarkakoan, Oihanak Erramunen doinu bihurrian, erakustaldi polita eskaini zigun, euskarak hiztunak behar dituela abestuz, hizkuntza-politikak mahai gainean, eta euskara mingainean aldarrikatuz. Aipagarria bakarkakoetan seikoteak eginiko lana, bereziki Nerea Ibarzabalen bakarkakoa. Ordezkoa den irakasle baten ahotik aritu zen. Hamarreko txikian ere ale ederrak entzuteko aukera izan genuen Ipuruan bildu ginen entzuleok.

Atso festa deitu zion Oihanak duela urtebete inguru sortu genuen whatsapp talde bati, eskualdeko emakume bertsolari eta bertsozaleentzat zuzendua. Hausnarketarako gune eta babesgune saretu bat ere izan zen atso festa hura, eta haren antzera sentitu nuen larunbateko saioa. Elkarren arteko keinu, zaintza, ukitu eta adeitasunez beteriko begiradei esker, ez zen oholtza gaineko inor bertsoaren soka finetik jausi. Ahizpatasuna eta zaintza izan ziren oholtzakideen arma nagusiak, eta Igotz Alkortaren lana ere azpimarratu nahiko nuke, gaiak egoki eta ohituta gaituen zuzentasunez jartzeaz gain, sostengu lanetan adierazi zituen keinu amaigabeengatik. Aldiro bertsolariengana nola hurbiltzen zen ikusi baikenuen oholtza azpitik bertsoez gozatzen ari ginen bertsozaleok.

Txapelketa den neurrian, puntuaketek eta zenbakiek bereizten dituzte aurrerakoak eta atzerakoak, baina larunbatean urrats tinko bat eman zuten oholtzakide guztiek aurrera begira. Egiteko  beste modu batzuk ere badaudelako, egingarria delako beste bertso molde eta jarrera bat, eta hori ere bada eskertzekoa.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!