ELKARRIZKETA

«Badaukat gogoa beste pauso bat emateko»

Imanol Artola 'felix' / Aitor Arroyo Askarai 2024ko urr. 27a, 07:58

Oihana Iguaran Barandiaran bertsolaria. A.A.A.

Gaur izango da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final-laurdenetako saioa; Irunen egingo dute, eta bertan izango da Oihana Iguaran bertsolaria.

Laugarrenez ariko da, aurten, Oihana Iguaran (Amasa-Villabona, 1991) bertsolaria Gipuzkoako Txapelketako oholtzan. Norgehiagokan final-laurdenetan sartuko da, aurreko lehiaketan finalean aritu izanaren sari. «Gogoz eta ilusioz», hala sentitzen dela aurreratu du Iguaranek eta «gosez» dagoela «beste pauso bat» emateko ere. Patxadaz eta, aldi berean, grinez hitz egin du txapelketara begirako aurreikuspenez, sentipenez eta, oro har, bertsolaritzaz.

Gipuzkoako bertsolari txapelketa martxan da, eta hasi zenetik hilabete eta erdira bustiko zara. Gogotsu helduko diozu?

Bai, egia esan bai. Orain arte distantziatik, eta orain ja heltzeko gogoz, bai. 

Bertsolari askori entzun diegu bost urteko etena luzea dela. Zuk, berriz, azken txapelketa izan zenuenetik bi urte besterik ez dira igaro. Tartea luzea iruditu zaizu?

Ez dakit, esango nuke norberari aldatzen zaiola aldiro. Denbora —beste gauza asko bezala— erlatiboa da; eta baita distantzia ere. Nire kasuan, behintzat, azken txapelketa nahiko presente daukat. Denbora pasa da, baina txapelketara begira azkeneko esperientziak berriz ere gorputza hartzen du, eta hasten zara errepasatzen sentsazio onak nondik etorri ziren eta, batez ere, hobetzeko zer utzi zenuen. 

Plazetan aritu zara denbora honetan... Horrez gain, beste prestaketarik hartu duzu?

Beti nahi baino gutxiago, egia esan. Txapelketa batera fundamentuz heltzeko gogoa banuen; azkenean, txapelketa bada aitzakia izan nahi dugun bertsolari horretara gerturatzeko. Denbora baliatu nahi nuen lehentasuna emateko, lanketa hori patxadaz egiteko... Gero, egia da, egunerokoak ez didala uzten denbora horri eskaintzen; baina buruan bai, hor daukat. Bertso eskoletan eta... ari naiz, baina ez nahi besteko maiztasunarekin. Dena dela, gaiei erreparatzen eta... Martxan dagoeneko, bai. 

«Txapelketa bada aitzakia izan nahi dugun bertsolari horretara gerturatzeko»

Esan duzun bezala, bertso eskolez harago lanketa izango da gaiei erreparatzea... Ez dakit errimategiak eta halakoak txapelketara begira fintzen dituzun.

Premia handia sentitzen dut; nire kasuan hala da, behintzat. Uda osoa pasa dut etxeko lanak hartzen: neure buruari akatsak antzematen, hobetu beharreko zerrenda luze-luze bat egiten... Horiek findu nahian. 

Errimen zerrenda, bere horretan, ez zait oso baliagarri izaten; baina bai buruan errepasatu, gai bati begira hitz zehatzagoak bilatu... Fintze hori da gakoa. Sorkuntzari begira elikatzen, horretan aritzen naiz asko. Horrez gain, bestelako literatura irakurtzen, filmak-eta ikusten... Eta hori ere nahi baino gutxiago; baina gustatzen zait zentzu horretan elikatzea. 

Bertso jaialdietan eta libreko plazetan aritzen den bertsolariak zer prestatu behar du txapelketarako? Jaialdietan egiten duen zerk ez dio balio? Zeri jarri behar dio arreta?

Ez da erraza berehalakoan erantzuten. Prestatzeko kontu bat bada jarrera: nondik goazen, zein gorputzalditatik edo zeri eman bide eta zeri jarri muga. Txapelketari begira, pentsatzen dut, kirol arloan eta beste hainbat esparrutan izango direla gu baino gehiago prestatzen direnak. Baina askotan gaitasun ona izan dezakezu eta, gero, sorkuntzarako argirik edo freskurarik ez; ilusiorik edo segurtasunik ezin topatu zeure buruarengan. Eta txapelketak eskatzen du konfiantza bat, eskatzen du han bertan egotea eta unean uneko aukerei ondo heltzea. 

Plazako erritmoaren aldean ere aldatzen da: batzuetan ematen du bost segundo gehiago hartzeko tartea. Segundo horiek baliatu behar ditugu begirada hobeto kokatzeko, hitzak hobeto tolesteko... Eta patxada hori ere landu egin behar izaten da. Plazetan egun oso ona daukagunean gozatua izaten da, baina, beste batzuetan, hobetzeko gauza dezente geratzen dira. Saiatzen zara horrelako saio bati begira patxada horretan gehiago kokatzen, erabakiak hobeto hartzen, eta erabaki horietarako bidezidorrak azkartzen. 

Denbora aipatu duzu hor. Egia da plazan, normalean, segituan hasten zaretela eta txapelketan, berriz, denbora motelxeagoa da. Bestalde, bertso kopuruan ere izango da diferentzia: plazetan ofizioa ondo badoa bosna edo seina bertso kantatzen dituzue; txapelketan, gehienetan behintzat, hiru bakoitzak. 

Hala da, bai. Gipuzkoako Txapelketak aurten dakarren berrikuntzetako bat da, tartean behin, zortziko txikian edo uste dut badela launa bertso kantatzeko aukerarik... Plazan elkarrizketaren barruan izaten da aukera, hau da, luzatzen bada edo zirrikitu berriak azaltzen badira, garatzeko tartea badaukazu. Txapelketan, berriz, mugatuta daukazu bertso kopurua, eta horrek eskatzen duena da estrategia bat: elkarrizketa horrekiko plan zehatz bat pentsatzea, horri eustea eta horren arabera moldatzea. 

Gauza horiek nahikoa garrantzitsuak izaten dira: pentsatuta eramatea edo, behintzat, han ikusteko gai izatea. Plazan aritu zaitezke arrazoiaren bila edo, askotan, beste bertso bana eransten diogu gaia ondo itxi ahal izateko... Eta txapelketan hori ez daukazu. Mugatuta dator, eta muga horietara egokitu behar duzu. 

Gaien nolakotasuna ere ez dakit zenbateraino aldatzen den. Lehen aipatu duzu izan nahi duzun bertsolari horretara heltzeko dela, hein batean, txapelketa. Baina gaiek uzten al dute horretarako aukerarik? Edo itxi samar geratzen dira?

Hor kontua da nola erabili gai horiek gure alde; horretarako ere ikasi egin behar izaten dugu. Eta ez da hainbeste gaia tolesteko gure aldera, baizik eta gai bakoitzaren aurrean zabalik kokatzeko eta erabaki zuzenak hartzeko. Uste dut, batez ere, txapelketetan orekari eta moldeari begira egokitu behar izaten direla gaiak. Eta askotan, nire iritziz —ez dakit gai jartzaileek zer dioten—, gai hori moldatzen-moldatzen joan da egokitzeko dagokion faseko dagokion ariketako molde horretara. Bada, askotan, guk egin behar izaten duguna da begirada zabaldu eta pentsatu: «Hemen azpian zein gai dago?». Eta saiatu horri heltzen; azkenean, hori baita: zer esana sentitu behar duzu. Eta zer esan hori, normalean, beti dago azpian. 

Abaltzisketan egin zenuten entrenamendu saio bat iraileko lehen hamabostaldian; eta, berriki, Tolosako Bidaiarien txokoan ere egin duzue saioa. Horiek zertarako balio izaten dizute?

Niri, lehenik eta behin, poz handia ematen didan zerbaitetarako: bertso eskolako lagunekin kantatzeko, publikoan. Bertso eskolan-eta egiten dugu, baina ez denok eta ez horrela. Zentzu horretan, poz handia ematen didan zerbait da; momentuz, ez dut aukerarik izan txapelketan bertso eskolako kideekin kantatzeko, eta nahiko nuke, txapelketa honetan gertatzea. Fase honetan ez da izango, beraz, ea hurrengoan aukerarik daukagun. 

Eta, bestela, trebatzeko balio du. Interesgarria da bertso eskolak ez daukan tentsio bat jendaurreko horretan bilatzea. Eta, aldi berean, bertsozalea gure lanketa horretara gonbidatzea ere bada. Ateak zabaltzen ditu, eta oso formula polita da bai guretzat eta bai bertsozalearentzat. 

Gainera, Abaltzisketan kantatu zenuten laurok, orain, final-laurdenetan ere ariko zarete. Pozgarria izango da hori. 

Nik momentuz ez dut inorekin kantatzeko aukerarik izan, hala ez duelako nahi izan saioen banaketak. Beraz, ea hurrengo faserako eusten diogun aukera horri zabalik. 

Final-zortzirenetako fasea jarraitzen aritu al zara?

Egia esan, nahiko gutxi. Jarraitu bai, azkenean, ezagutzen eta estimatzen dudan bertsolari asko dagoelako tartean. Baina askotan da puntuazio eta sailkapenari begira, eta ez hainbeste bertsoak entzunez. Batzuetan zaila egiten zait txapelketan alde horretatik burua sartzea; distantziatik hartzen dut. Espero orain buru-belarri sartzea eta ondo sumatzea gorputza eta burua hor.

Eta burua eta gorputza Irunen sartuko dituzu. Amaia Iturriotz, Aner Peritz 'Euzkitze', Eneritz Artetxe, Eñaut Martikorena eta Iñaki Apalategi zurekin seikotea osatuz. Dagoeneko esan duzu, gogoz, eta ziurrenik oholtza gainean egoteko desiratzen, ezta?

Ba bai, bai. Esandakoa, pixka bat esku artean geneuzkan lan horiei helduta, eta gogoz ikusteko ea zenbat hobetu dezakegun, batetik, bide honetan; eta, bestetik, gogoz beste pauso bat emateko. 

Fase honi begira: zortziko handia, hamarreko txikia, puntu-erantzunak, zortziko txikia, ganbara... Klasiko samarra, nahiz eta ordenan aldaketatxoren bat badagoen. Badaukazu fobiarik edo begiko ariketarik?

Fobiarik ez. Eta klasikoa, bueno... Ohikotik ateratzen dena plazako jardunetik da mugatua izatea bertso kopurua; eta, lehen esan bezala, horrek elkarrizketa eremua ere mugatzen du, neurri batean. Baina, gainerakoan, neurri politak izaten dira. Askotan gaiaren edo erabakitzen dugun horren arabera zehazten dugu neurria. Hor, berriz, erabakita dator; eta hor barruan aritu behar. 

Baina, normalean, gaiak ere horrela pentsatuta egoten direnez... Ondo; egia esan, gogoz. Ea zein proposamen datozen eta norekin tokatzen den, horrek ere asko aldatzen baitu argazkia. Eta txapelketak badakar normalean plazan tokatzen ez zaigun jendearekin kantatzeko aukera ere. Horrek ere zabaltzen ditu elkarrizketa molde berriak eta egia esan, gogoz.  

Irunen bertsokera bat baino gehiago ikusiko dugu oholtza gainean. 

Bai eta, esandakoa, nik batzuekin ez dut aukerarik izaten maiz kantatzeko eta, hortaz, oso-oso pozik. Uste dut nortasuna duen jendea dela eta bertsokeran nortasuneko ahotsak elkartuko direla. Bakoitzak bere koloretik zerbait ematen badu oso saio polita ateratzeko aukera egongo da, bai.

Galdera hau ere beti egin behar izaten dugu... Zein helburu jartzen dizkiozu zeure buruari final-laurdenetan eta, oro har, txapelketan? 

Badaukat gogoa beste pauso bat emateko. Orain arte txapelketetan topatu ez dudan gorputzaldi baten bila nabil. Bueno, badakit badaukadala, beste batzuetan sentitu izan dudalako oholtzan; eta hori nahi nuke. Azkenengo bi txapelketetan pertsonalki-eta ez naiz egon oso modu onean horrelako erronka bati erantzuteko. Eta, hortaz, gosez nago. Gogoa banuelako eta honetan sentitzen dudalako izan daitekeela baldintza egokiagorik horri heltzeko eta beste pausotxo bat emateko. 

Beraz, postuei begira baino gehiago sentsazioei begira, ezta?

Bai, erabat. Horrelakoetan pentsatzen dut zergatik nabilen bertsotan, zergatik eskaintzen dizkiodan hainbeste ordu, zergatik prestatzen naizen hainbeste... Ilusio bat mantentzen dut —eta beti esaten dena da, baina—: oraindik kantatzeko daukadala nire bertso onena, oraindik egiteko daukadala nire bertsoaldi onena. Eta hori izan daitekeela Irunen, izan daitekeela final-erdietan, izan daitekeela finalean... Gorputzaldi horrek bultzatzen zaitu. Horrek eta gertatzen diren gauzek, kasurako, bertso kidearekin hasi eta, bat-batean, bertsoaldi on bat ateratzea. Sentsazio horien bila noa.

Orain arte entzun ditugu bertsolari batzuk, eta orain beste batzuk sartuko zarete. Gutxi balio du, ordea, orain arte egindakoak. Duela bost urteko txapelketari begira kuriosoa iruditu zait final-zortzirenetan puntuaziorik altuena lortu zutela Ane Labakak, Unai Mendizabalek eta Haritz Mujikak; eta final-erdietara sailkatzeko, berriz, azken hirurak izan ziren. Momentuan bertan egin beharra dago, ezta? Eta maila ere estua izaten da. 

Bai eta, batez ere, horren bila noa. Hori da gure lana: aurrez, ahalik eta baldintza egokienak sortzea, gero, hori gerta dadin. Eta han, momentuan, zirrikitu guztiak bilatzea bertso eta bertsoaldi onenak gerta daitezen. Esan duzu aurreko saioek ez dutela kontatzen, baina aurretik egindako guztiak ematen du zer ikasia, batez ere, aurretik egindako akatsek ere ematen dutelako bidea. Hanka non sartzen dugun badakigu eta hori eragozteko lanean ari gara. Eta, batik bat, badakigu non sentitzen garen ondo, zer egin nahi dugun eta, aukerarik baldin badago, heldu eta egin. Nik badakit nire goranzko gaitasunak zein diren edo noiz sentitzen naizen ondo; eta hori sentitu nahi dut aurtengo txapelketan. Baditut ilusioa eta gogoa. 

 

«Badakit nire goranzko gaitasunak zein diren edo noiz sentitzen naizen ondo»

Asko ari dira esaten belaunaldi aldaketa bat gertatu dela aurreko txapelketatik hona. Txapelketa hau aurrekoetatik ezberdina izango dela ikusten duzu? Edo momentuan esaten diren gauzak direla iruditzen zaizu?

Ez dakit, horrela esateko. Txapelketa eskarmentu kontua ere bada eta orduan eskarmentatu gabe harrapatu zuen belaunaldi bat sumatzen dut, orain, prestatuta eta hortzak zorroztuta iritsi dela, eta hori poztekoa da. Belaunaldi horretan gorputz eta ahots desberdin batzuk ere badatoz. Eta plazetan ere sumatu dut badagoela babes eremu bat proposamen berri horiek iraun dezaten, eta sentitu daitezen parte ere; eta hori denontzat da albiste ona. Espero dut fasez fase hori nabarmen geratzea eta aldaketa bat sumatzea; batik bat plazan sumatu delako eta uste dudalako naturala litzatekeela txapelketan ere horren isla agertzea. Eta batez ere bertsolaritza asko aberasten duelako, jakina. 

Datu kurioso bat —ziurrenik zerorrek ere jakingo duzu, baina—: oker ez baldin banago hau izango duzu laugarren txapelketa. Aurten 33 urte zuk, eta txapelketako bataz besteko adina ere: 33 urte. 

Txapelketa honetan adinaren kontuari erreparatu zaio. Azken urteetan ikusten ari garen joera bat da geroz eta beranduago nabarmentzea: halako salto kualitatibo bat edo finaleko aurpegi berriak-eta, batez ere Gipuzkoan, geroz eta helduago gertatzen dira. Uste dut plazetan badabilela oso-oso jende interesgarria 20 urteren jiran eta Gipuzkoako Txapelketa lau urtez behin —eta kasu honetan, azkenekotik, bost— izanda, zaildu egiten da horiek ikusaraztea. 

«Txapelketa galbahe bat eta lagin bat da, eta ezin ditu beste hutsune guztiak bete»

Dena dela, gonbidatuko nuke jendea txapelketaz kanpo begiratzera, txapelketak ezin baititu bete bertsolaritzaren helburu guztiak. Hortik kanpo ere mundu oso bat dago, eta ahots pila. Adinez beherakoei begira ari gara, batez ere, txapelketa izaten delako erakusleiho bat abiapuntu bezala, ezta? Baina hortik gorako zenbat bertsolari on geratzen den fokuetatik kanpo, gero ahazten zaizkigunak gure jaialdiak edo dena delakoak antolatzean... Txapelketa, azkenean, galbahe bat eta lagin bat da, eta ezin ditu beste hutsune guztiak bete. 

GBT

Eguna. Gaur, urriak 27, igandea.

Ordua. 17:00.

Fasea. Final-laurdenak.

Herria. Irun.

Tokia. Ficobako Auditoriuma.

Bertsolariak.

Amaia Iturriotz Etxaniz.

Aner Peritz Manterola 'Euzkitze'.

Eneritz Artetxe Eizagirre.

Eñaut Martikorena Lizaso.

Iñaki Apalategi Astigarraga.

Oihana Iguaran Barandiaran.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!