Sarrerak, eta ekimen honetan askotan gertatzen ari da, agortuta zeuden aspaldi. Ehun eta hirurogeita hamasei eserleku daude zineman eta konturatzerako guztiak saldu ziren Bertsosarrerak.eus ataritik. Jarraitzaile fidelak ditu ekimenak, baina herri bakoitzeko lekuko bertsozaleak inguratzen dira? Alegian entzutera joan zirenetik 32 lagun behintzat baziren bertakoak. Beraz %20 inguru bete zen horretatik. Bada zerbait.
Gehienak gazteak, esan nahi da kantuan ari zirenaren adin bueltakoak izango zirela gehiengoa. Hala ere tarteari begiratuz gero, zaharrenak 90 urte paseak zituen eta gazteenak 9. Hori ere bada zerbait.
Saioak berriz, agian ez zuen dirdira, lehertze, izugarririk baina dena maila txukunean eraman zen. Txapelketako kutsu gehitxo behar bada, baina bertsotan badakitela erakutsi ziguten Saroi Jauregiren aginduetan oholtzara igotako sei bertsolariek. Beste behin ere lan bikaina aurkezlearena.
Agurretan asmo onez eta gogotsu etorri zirela kantatu zuten. Bazen Oier Etxeberria bezala etxean egindako lana harriak jasotzearen gisan plazan erakutsi nahi zuena. Iker Ormazabalek berriz, emaitzari kasu askorik egin gabe gozatu nahi zuela adierazi zigun. Sukalde platerarekin parekatu zuen Ane Belokik postreraino ondo iritsi nahi izatea. Alegia pasoko herria izatetik geratzeko gogoa azaldu zuen Jon Gurrutxagak, espektatibak haustera Eli Pagola eta txintxarrion herrira kanpaikada bila etorri zen Endika Igarzabal.
Eta neurri batean eman zuen kanpaikada gabiriarrak. Lehen bueltan saio justu xamarra egitetik (behintzat puntuazioan) zetorren eta saioa aurrera joan ahala gora joan zen, azkenean oso beretik, herriko alkatearen paperetik, kantatu eta puntu asko eskuratuz. Badirudi puntuak ikusita udazkeneko txapelketan egongo dela. Hala ere, aurrekoan Altzon egin bezala, saioa irabazi zuena Jon Gurrutxaga izan zen. Azpeitiarra, Altzon ez bezala (han hasiera kaxkarra eman zionaren ustekoa naiz) oso erregular aritu zen, bakarkako on batekin borobilduz. Emaitzek konfiantza emango diote aurrera begira.
Hirugarren Eli Pagola izan zen, ondo hasi zen, baina zenbait momentutan ez zuen daukan maila eta indarra erakutsi. Hala ere puntuak ikusita barruan egongo da, beraz izango dugu gozatzeko aukera gehiago. Datorren asteburu osoan puntuazioei begira egongo direnak izango dira hurrengo biak. Hemen laugarren egin zuen Ane Beloki eta lehendik puntu gehixeagorekin zetorren Oier Etxeberria muga mugan daude. Sartuko dira edo ez hurrengo saioetan lagunek egiten dutenaren arabera. Ane oso ondo hasi zen, ofizio txukunak eginez, baina hitza eta seiko motza trabatu zitzaizkion. Eskerrak buelta ondo eman zion ganbarakoan, eta Oier berriz erregularrago aritu zen baina duen mailatik beherago. Azkena Tturko, Iker Ormazabal, geratu zen. Bertsotan badakiela erakusten du beti, baina gaiei, paperari, behar den zukua ez ote zion ateratzen… Txapelketatik kanpo geratuko da ziurrenik.
Ariketei begirada emanda, zortziko txikikoak gustatu zitzaizkidan niri gehien eta entzulegoak ere hor erantzun zuen bizien. Egia da zortziko handian ere maila eman zutela, baino saio hasieran, neutroago, hotzago geratzen ote den… Eta kasu honetan iruditu zitzaidan gaiak ez zirela ia betiko moduan hain serioak, hausnarketara bideratuak, sozialak… eta ematen zutela bidea umorerako edo eztabaida arinerako ere. Baina ez zuten jorratu bide hori. Txapelketa… Hitza emanda ez zuten asmatu. Jon Gurrutxagak zerbait, baina ez zioten zukurik atera hamarreko txiki horri. Eta seiko motzean, hain neurri exijentean eta era berean asmatuz gero eskertuan, gorabeheratsu ibili ziren, trabatu ziren formulazioan… Ez zen ariketa betea izan. Eta ohikoa ez dena neurri horretan hiru doinu desberdinez bete zuten lana. Ganbarakoan, gaiari hiru bertso kantatzean, erakutsi zuten zenbateraino dauden prestatuta. Denek sei puntuko bertsoak egin zituzten eta asmatu zuten istorio bat, hori eskatzen baitzaio orain ariketa honi. Baina nago gaiari nondik heldu, pelikula kontatzen, esplikatzen… galtzen dela alperrik indarra bakoitzak bere arrazoia ematen baino.
Bukatutakoan komentarioko tartea izan genuen atarian mokadu bat janez. Ez da aukera txarra tragoxka bat eginez elkar agurtu edo saioa aletzeko. Lekua, eguraldia eta ordua ere halakoak, gustura egon zen jendea. Beteta atera ginen beraz igande arratsaldean.