Kronika

Bertsoa jaki, Altzon

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola 2024ko mai. 6a, 19:58

Lehen geldialdia egin du Gipuzkoa Bertsotan-ek eskualdean.

Altzo izan du hautatutako plaza, ez edozein, beraz. Batzarremuñoko aretoa erabat beteta, ohikoa denez giro bikaina izan zuten bertsotarako sei bertsolariek Altzon.

Urolako Erniarraitz bertso eskolakoak sailkatu ziren aurrena eta bigarren, Jon Gurrutxaga eta Eneritz Artetxe. Saio txukuna osatu zuten biek ala biek. Behetik gora egin zuen Gurrutxagak, eta nabarmentzekoak izan ziren ganbarako ariketan emandako puntu erantzunak eta bakarkako gaiari kantatutako bi bertsoak, azken horiek, batez ere. Artetxek ere saio ona osatu zuen, ofiziotan lanerako etorri zela erakutsiz, bertsotan bizi-bizi eta aldiro erantzunez. Biak ere txapelketarako ondo prestatuta daudela dirudi. 

Hirugarren egin zuen Hernaniko bertso-eskolako Iker Ormazabalek. Bere kantaera gustagarriak entzulea bereganatu zuen behin baino gehiagotan, eta orokorrean saio ona osatu zuen. Ganbarako ariketan bakarkako gaiari botatako bertsoak nabarmendu litezke, akaso.

Manex Mujika donostiarra sailkatu zen laugarren. Erabat asmatu ez arren, bertsoa betetzeko abilezia baduela berretsi zuen beste behin, eta txapelketara sailkatzeko aukerekin jarraituko du oraindik.

Mikel Etxezarreta goierritarrak lehen aldia zuen txapelketan, baina esan ez balu inork gutxik antzemango zion. Saioan zehar bere estilo propioa duela nabarmendu zen, ofiziotan oso txukun aritu zen, eta irristadaren bat kenduta, saio osoa egin zuen.

Danel Olano izan zen seigarren sailkatua. Gorabeheratsu ibili zen getariarra, tarteka gaitik aterata-edo. Baina, txalo gehientsuen ere berak jaso zuen, ateraldi politekin entzulea behin baino gehiagotan harrituz.

Bertsozaleen gosea erabat asetzeko, Altzoko kultura batzordeak prestatu zuen afari-merienda udaletxe azpian. Giro atsegina txapelketari ongi etorria egiteko. Gose punttuarekin geratu zenak Anoetan du aukera aste honetan. On dagizuela!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!