Iritzia

Garazira

Erabiltzailearen aurpegia Ander Goikoetxea, 'Andriu' 2022ko urr. 31a, 16:32

Argazkia: Bertsozale Elkartea

- Iritsi gaitun ba Garazira.
- Hemendik hasi eta Vianara egin dik kalte ederra Done Jakue bide honek. A ze turista saldoa.
- Egia dun, baina badinat susmoa gu ere ez ote garen geroz eta turistagoak.
- Goazemak barrura ez diat saioa bazter batean ikusi nahi eta.
- Hemen zegon jende guztia Haritzek ze agur botako zain. Agur aseptiko bat bota beharko din, asko espero gabe erromako koliseoan agertuko ziren gladiadoreen antzeko sentsazioarekin. Bota eta atzean eseri, lehen bezain ikusezin jarraitzeko gogoz Twitter-eko krokodiloen putzutik kanpo.
- Hik ere okertu huen bekaina agur hura entzunda.
- Ez zinalako formulazioan asmatu eta gaizki ulerturako bidea zuelako. Baina erdi bizkorra den edonork ulertzen din euskara afoniko uzten ari direnak gure herriko kanpo eder eta sasi-abertzaleak direla, ez noski Gasteizen euskara bultzatzen duten milaka euskaltzaleak. 
...
- Arratsaldeko bostak ondo bazkalduta, ikaragarrizko beroa eta zortziko haundiko lehen gaia eguneko menuari buruz…
- Beti gai jartzaileen eta epaileen kulpa dena. Hainbeste saiotarako gai desberdin eta parekoak jartzeak badik nahikoa lan.
- Arrazoi dun, agian finalerdietan hasi beharko liken txapelketak, bertsolari erdiekin.
- Orduan ere izango huke kexa. Ixo-ixo ederki hasi duk Oihana zortziko haundian.
- Nerea ere erraz erantzunez. Joan zaion ba bigarren bertsoa Oihanari…
- Ea ba Haritz Ametsekin… gustatu zaidak gaia. Ufa… doinua ez zekik ondo, dobleko lana.
- Sufritzera gatozela zirudin.
- Zortziko txikian Oihana eta Azpi hika ari dituk. Badik meritua horrek.
- Meritua bai baino baita arriskua ere, aditz luzeagoak ezohiko joskerak. Ze behar zinaten. Sufritzera etorri gaitun.
- Hago lasai ederki ari dituk eta.
- Puntuka saio politak lehen biak, baina Aitorrek majo sufritu din. Zaila dun ariketa hau gaiarekin egiteko.
- Ea ba seiko motzak… Oihana berriz ere hika, argi zegok etxetik erabakita ekarri duela. Bazegok hor lanetik aldarritik adina, bejondeiola.
- Ondo Oihana, jendeak entzun nahi zuena bota din. Haritzen jarrera ez dun erosoena baina kideari ere bidea ematen zion ume konpetitiboaren plantak eginda.
- Orokorrean gustatu zaizkidak seiko motzeko ariketak. Pena Nereak eta Ametsek poto egin izana.
...
- Ganbarakoa «Azkenean probatu duzu, eta jabetu zara ez zela espero zenuena».
- Gai ederra duk. Sexutik hartu beharra zegok txispa pixka bat ateratzeko.
- Harreman homosexual bat probatu dun.
- Edo hirukote bat…
- Oihana bustiko dun.
- Guk esandako txorakeriak baino ezer hobea okurrituko zaiok.
- Bai ekarri ere. Lehen sexu harremanaren aurreko zirrara deskribatzen ari dun.
- Tapa! Bikaina, mutilaren lekutik hartu dik.
- Pornoan hezitako mutikoaren ajeak bikain deskribatu dizkin. 
- Busti duk bai Oihana. Merezi izan dik arratsaldeak! Irakurri behar dizkiat berriro astelehenean bertso horiek. Bazegok hor bertso eskoletan lantzeko moduko sorta.
- Baita klase arautuan lantzekoa ere.

Ander Goikoetxea, Andriu

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!