iritzia

Bertsolaritzaren zuhaitzeko adar gazteak indartsu datoz

Erabiltzailearen aurpegia Beñat Mateos 2022ko urriaren 4a

Argazkia: bertsozale.eus

Eguzkiaren izpiek loratu zituzten Europa Biltzar Jauregiaren inguruak, eta horrekin batera hasi ziren lehen bertsozaleak tabernaz taberna, erleak lorez lore bailitzan. Tolosaldetik ez zen ordezkaritza falta izan. Bertara gerturatu ziren Haritzen babesle edo Kilometroetako errefuxiatuak.

17:00tan hasi zen Bertsolari Txapelketa Nagusiko laugarren kanporaketa, pankarta faltak hoztutako Maria de Maeztu entzunaretoan. Hala ere, txaloen beroak, bertsolaritzan ohikoa den modura, ez zuen hutsik egin eta bertsolariek erakutsi zuten esku-kolpatze intentsibo hori ez zela alferrik izan.

Bezperako saioak itzala egin zion arren, saio polita ikusteko aukera izan genuen. Bertsolari bakoitza bere estiloari leial jardun zen. Haritz Mujikak, esate baterako, bere ohiko umore kutxua ez zuen alde batera utzi. Asteasuarraren erregulartasuna izan zen, besteak beste, bere garaipenaren arrazoietako bat. Iban Urdangarin, bestalde, umore kutxutik haratago joan zen eta ganbarako ariketan ez zuen denbora galdu puntu bakoitzarekin aretoa barrez leherraraziz. Horrez gain, Miren Artetxe eta Xabat Galletebeitia, beraien saio hoberena ez eginagatik, fin ibili ziren eta beraien maila nabarmendu zuten. Amaia Iturriotzek ez zuen hasiera ona egin, baina pixkanaka hazten joan eta ganbarakoan nabarmentzea lortu zuen. Azkenik, Manex Agirrek ez zuen nahi adinako saio ona egin eta, agurrean aipatu zuen bezala, akats multzo ibiltari baten moduan ibili zen saioan zehar.

Saio honek, beste behin, agerian utzi du bertsolaritzaren zuhaitzeko adar gazteak indartsu hazten ari direla. Orain Donostiari dagokio datorren larunbatean Gasteizen lekukoa hartzea, gaztez betetako beste saio batekin. Ea nola amaitzen den bertsolaritzaren zaharberritze hau.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!