Publikoak eskertu dituen esprintak, taldekideentzako haize-babesak, ihesaldi saiakerak…, denetik izan du gaurko etapak, eta, horrelakoetan ohi den eran, asko balio izan du ez erortzeak. Gainontzeko bertsolariek ere ahalegin handia egin dutela nabari zen; hala ere, guztiz borobildu gabeko bertsoaldiek itzalean utzi dituzte tarteko bertso on asko.
Zortziko handia
Haritz Mujika eta Xabat Galletebeitiaren ofizioa izan da neurri honetako onena. Hasiera-hasieratik seguru sumatu dugu Haritz, betelana oso ondo eginez, ia ederlan bihurtuz bertsoen legen erdiak. Gasteizen bizi diren bikotearen paperean jarri ditu gaiak bi bertsolariak: urteetan izan duten autoa izorratu dela eta, berria erostea proposatu du Xabatek; Haritzek, aldiz, ez du batere argi. Haritzen bigarren bertsoko hiru puntu hauek islatzen dute saio osoan izan duen bertsokera: ustekabean izorratu da / etxeko Opel Corsita / zertarako da Mercedes Benz bat / hobe ibili jauzika / beste era baten molda gaitezke / hiri erdian bizita. Xabatek ere ondo jarraitu du: halare Opel Corsak bete du / bere hogeigarren urtea / gauza bat dugu zurra izatea / eta beste bat kutrea. Haritzek berean jarraitu du, bertso borobil batekin:
Utzi kotxea jantzi txandala
Ta jarri sasoian Xabat
Hondamenditik beti atera
Bailiteke aukera bat
Zortziko txikia
Haritzek berak Manex Agirrerekin eta Miren Artetxek Iban Urdangarinekin egindako lanak izan dira txalotuenak txikiko ariketan. Miren eta Iban parrandak utzi eta kirolean hasitako bi lagun ziren. Ibanek, ordea, berriro festan hasteko gogoz zen: baina gogoratu zait / tabernako barra / dantzan izerditzea / ere ez da txarra. Mirenek erantzun: nik izerdiaren ta / ahaleginaren truk / Isostar tragotxo bat / hartuta aski dut. Bertsoaldia ondo bideratzea lortu dute, elkarri erantzunez.
Haritz eta Manexi elkarrekin oporretara joatea egokitu zaie. Manexek gogoa zuen Haritzekin egoteko, eta horregatik gonbidatu du. Lau egunen buruan hiru liburu irakurri ditu, ordea, eta ez da Haritzekin batere gogoratu. Manexek ederki baliatu du liburuaren detailea: baina berehala joan naiz / nire liburura / zure argumentua / azkar bukatu da. Haritz argi ibili da, ordea: Pragara etorri ta / eskutan Obaba / Asteasutik hortako / atera al gara?
Puntuak
Puntu erantzunetan ez da ale ederrik falta izan, nahiz eta ez duten agian hiru puntuak nahieran osatzerik izan. Artetxeri jarritako puntua zen hau: etxe hutsak dauzkagu / herri guztietan; erantzuna: badaude hirurogei / nire auzoan bertan / edozein dago hutsa / kale baten bueltan / erantzuna dago etxe / okupatuetan.
Manexek iragarkien ingurukoak erantzun ditu. Puntua: engainatzen gaituzte / nahi duten bezala; Agirrek: hain zaurgarri izanda / da gauza normala / pentsa dezagun ondo / denok nola-hala / ta bakoitzak nahi duna / erosi dezala.
Xabati pantaila jarri diote gaitzat: txikitatik pantaila / ugari ondoan; erantzuna: hala izaten zela / badaukat gogoan / Netflix eta Amazon / ez direnak doan / baina ea euskaraz / diren hurrengoan.
Lehen bertsoko azken puntuak pixka bat alde egin dion arren, maila onean erantzun ditu Haritz Mujikak: kulturgileak sarri / prekarizatuta; Haritzek: ta gobernuarekin / nolako burruka / denok kolpeka gabiltz / hasi eta buka / errespetu pixka bat / merezi dugu ta.
Hamarreko txikia
Miren Artetxek hamarreko txiki ederra egin du Manex Agirrerekin. Bikote ziren biak, eta batera urte bizi izan direnak eta gurasoak gainera. Mirenek ezkondu egin nahi duela esan dio Manexi. Agirrek ezezko jarrera hartu du, eta bere “aura alternatiboa” non den galdetu dio. Mirenek dotore erantzun dio, aurreneko puntutik: alternatiba joan zen / hipotekarekin / ordaintzen baikabiltza / nire sosarekin / (…) / ze, ikusiko zaitudan / nahiko nuke jakin / bizi hontan atorra / plantxatuarekin.
Amaia Iturriotz eta Haritz Mujikari ez zaie gairik errazena tokatu: amaia ikastetxeko zuzendaria, haritz eskola kiroleko arduraduna; udan jolastokia egokitu dute, berdeguneak eta abar jarriz; orain, ordea, Haritz kexu da eskola kirolerako nahikoa lekurik ez dagoela esanaz. Amaiaren bigarren bertsoko azken hiru puntuak: ez dago porteri ta / frontoieko horma / baina berdin-berdin da / umeentzat ona / alda diezaiogun / kirolari forma. Haritzek gaia beste noranzkora eraman du: hirurogei haur hemen / ez gera kabitzen / beraz hasi zelaiak / berriro handitzen / edo lagunduidazu taldeak txikitzen.
Ganbara
Honela zioen gaurko ganbarako gaiak: “diru kantitate handia eskaini dizute; onartu egin duzu”. Iban Urdangarinek umoretik heldu dio, aldizkari batean biluzik ateratzeko gonbita egin diotenaren paperetik. Azken bertsoarekin txalo zaparrada handia jaso du: piña colada basoan / whiskia eta purua / berriz hemen ikustea / ez da oso segurua / infernura joan aurretik / bizi behar det zerua.
Haritzek alkatearen lekutik kantatu ditu bere hiru bertsoak, ondo osatuta eta ideia argiekin: nahiz ta asko kontra egon / nahiz ta askok ez sinetsi / udal lurrak oparitu / dizkiogu Mercedesi. Non kantatu behar zuen ondo ikasita etorri ta Haritz Gasteiza, eta erreferentzia errealekin eraman du bertsozalea berak nahi zuen lekura. Ariketa honekin borobildu du saio bere saio ederra.
Ganbarako bertsorik onenak Xabat Galletebeitiarenak izan dira. Osorik dakartzagu:
Zin egin nuen eta abestu
Himnoaren abestia
Oposaketak gainditu eta
Hain zetorren lan eztia
Orduz geroztik gaizkileei
Ematen diet ostia
Gure herrian hain hedatua
Da drogaren industria
Ertzaintzan ze angustia (bis)
Hartu ohi dugu urre gorrizko
Hauts puru bezain bustia
Ta biltegian ez da kabitzen
Atzemandako guztia.
Hedabidetan aspaldi hontan
Jarri gaituzte jomugan
Ote gabiltzan lana medio
Gaizkileekin joskuran
Lankideek zer egiten dudan
Oso ondo dakigu han
Barne sailera abiatu naiz
Larri ta abiaduran
Guztia kontatu guran (bis)
Erantzunen bat jasotzekotan
Hor gelditu naiz zain dudan
Ta esan didate ea nik ere
Nire parte nahi dudan.
Ertzaintza gara ta herritarrak
Baino ez ditugu entzuten
Soldata kutre xamarra dugu
Ea igotzen diguten
Ta langileak ez al gara gu
Ba gabiltza bizirauten
Bokazioa ahaztu dezaket
Bizitza badut iraupen
Jauzia eman dut aurten (bis)
Drogaz ez baina nola gaur diruz
Ondo ordainduko nauten
Beste aldera begiratzen guk
Ikasi dugu Arkauten.
Datorren astean, Beñat Iguaran
Datorren astean izango da kantuan Eskualdeko azken bertsolaria –Aitor Mendiluze finalerdietan dago zain—. Oraingoz, Oihana Iguaran eta Haritz Mujika datorren faserako sailkatuta daude.