iritzia

Demagun

Erabiltzailearen aurpegia Naiara Arreseigor 2022ko urr. 3a, 09:31

Argazkia: bertsozale.eus

Demagun, udaberri kutsuko urriko larunbat arrats batean, Xiberuako lurretan barrena, Gotainera txangoa egiten duzun lagun taldeko partaidea zarela.

Demagun, bizitza osoa handik ez bada hemendik bertso munduari atxikita daramazula eta hantxe artasoroz inguraturiko herrian, herriko gelan, horma morez inguraturik, oholtza parekide bat duzula aurrez aurre, Bertsolari Txapelketa Nagusiko 3. saioa hain zuzen ere.

Udaberri kutsua ez zuen eguraldiak soilik adierazi, baita mikrofonoaren uhinetan abestu zituzten doinu berri eta armonikoek ere. Gozamena izan zen bitxilorez belarriak betetzea, bitxilorez diot, bertsolariek eginiko oinen lanketan azpimarra egitea adierazgarria delako. Ane Labaka eta Julio Sotoren errimek jostun finenaren joztorratz eta titare artean doan haria bezala eraman gintuzten, puntu bakoitza hutsunerik gabe josiz. Umorea eta gertutasuna izan ziren Eneko Lazkoz eta Patxi Iriarten armarik gogoangarrienak. Oihana Iguaran eta Nerea Ibarzabalek, jendearen txalo zaparraden bibrekin, hazteko gaitasuna dutela garbi erakutsi zuten. Ahaldundutako bi plazandre, diskurtso hutsetik haratago, arrazoiketetan fin eta bat bateko jardunean elkarrekin eta aldi berean norberaren baitako lehian irmo. Oihanaren kantakerak, gertutasunak, entzulearekin bat egiteko moduak eta bereziki azken urteetan daraman ibilbideak, Gotaineko saioko asetze mailara narama. 

Egungo bertso plazaren argazkia izan zitekeen, txapelketaren lehia alboratuko bagenu, hori ere badelako bertsoa, oholtza gainean hiru emakumezkoen besarkada eztia. Zenbakiak zenbaki, bi ukabilak jasota, emozioz gainezka agurtu zen Patxiren agurrak eta saio amaieran jendearen poztasun kolektiboak, komunitate honen osasunera garamatza.  

Demagun besteen jardunaz bertsoaren arra ase eta xoro baten pare itzultzen zarela etxera, belaunaldi ezberdinen freskuraz eta joskuraz arro.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!