Ipar haize fina dabil Algortako portu zahar inguruan. Kafea hartzera joan eta hablame en castellano, va. Batetik, ez dugu taberna ondo aukeratu. Eta bestetik, zein beharrezkoak diren Euskal Herriko bertsolari txapelketa bezalako guneak euskaldunon komunitatearen bilgune izateko, Gotainetik Getxoraino.
Txapelketak duen tiradizoaren seinale, aretoa beteta ekin diote sei bertsolariek euren lanari. Tartean, Unai Mendizabal zizurkildarra. Ez dugu guk nahiko genukeen Mendi ikusi oholtzan. Ideiaz ondo eta gaiari heltzen sendo aritu den arren, txapelketan irristadak garesti ordaintzen dira. Dena den, 8ko handiko ofizio betea, zortziko txikiko bi bertsotako kolpeak, puntu erantzun txukunak… ale benetan onak utzi ditu eta egindako bideaz harro egon liteke.
Ez dakigu zenbat neska izango diren aurten finalean. Zortzi bertsolari onenak izango dira eta lehen saioak balio izan du nesken indarra berresteko. Alaia Martinek duena, klasea da. Lehen hiru ariketak ondo josi ondoren, hamarreko txiki eta ganbarako lan (ikasiko dugu izen berria) bikain batekin koska atera die besteei. Txapelketak eskaintzen dituen harribitxien adibide, nire gusturako, hamarreko txikiko bigarren bertsoa, lana utzi eta beste bizitza bat hasi nahi duen bikotekidearen paperean: Ez nuke nahi berdina betikotzen jardun/ beti hain formal, zintzo, lehor ta euskaldun/ kolorez bete nahi dut mila ta bat album/ begiak zabal izan, bizitu eta boom/bizitza bat daukagu, gozatu dezagun.
Eta oso sendo Nerea Elustondo ere, urteak aurrera ontzen den ardoa bezala. Gutxitan huts egiten duen bertsolaria da Nerea eta maila aparta erakutsi du Getxon, ofizioetan eta puntu erantzunetan bereziki. Puntu erantzun hau bikaina nire iritzian, turismoa gai hartuta: Izan ote liteke berez jasangarri? / Donostin bizi denai, puntu hau ez jarri/ jendea ugaritu da ikaragarri/ ta bertakoak gabiltz estu eta larri.
Abenduan zurrunbilo handi bihurtuko da bertsolari txapelketa. Baina, bien bitartean, zein pozik hartu dugun udazkenarekin etorri zaigun ipar haizea.