Ttapa-ttapa abiatu da Alaia Martin, Getxoko saioa irabazita

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Artola Izagirre 2022ko ira. 24a, 20:40

Argazkiak: Bertsozale Elkartea

Txapelketa Nagusiko sintoniaren erritmoan egin du bertsotan oiartzuarrak, ttipi-ttapa, presarik gabe eta ziurtasunez. Nerea Elustondo geratu da bigarren; Unai Mendizabal, berriz, bosgarren izan da, ale ederrak utzita.

Txapelketako lehen saioan ohikoa den eran, gaurkoan ere tentsio apur batekin hasi dira bertsolariak kantuan; Peru Abarrategi arabarrak agurrean esan bezala, estreinaldiak ez dira beti errazenak izaten. Hala ere, saio gustagarria osatu dute seiek, entzuleen berotasunak lagundurik.



Zortziko handia

Saioari neurria hartzen somatu ditugu bertsolariak zortziko handian, akatsik egin gabe baina arriskatu nahi ezik. Azken bertsoaldia, Mendizabal eta Martinek egina, izan da agian osoena. Afizioz arropak egiten hasitako bi lagun ziren Alaia eta Unai; Unaik arropak saltzen hastea proposatu dio Alaiari. Elkarrizketa polita osatu dute biek ala biek. Alaiak: gure pratikak hobeak dira / eta arropa polita / baina jendeak kontsumitzen du / baloreak erantzita. Mendizabalek egoki erantzun dio: berta-bertako sardinak eta / kiloko pipar potoa / arropak ere beharko luke / kilometro zerokoa.
 

Zortziko txikia

Umorea izaten du ariketa honek ezaugarri nagusi, eta hala izan da gaurkoan ere. Lankideak dira Nerea Elustondo eta Agin Laburu -gaurko hirugarren sailkatua-; Aginek hogei kandela jartzen dizkio urtero urtebetetze pastelari. Bidea irekiz hasi da Nerea: hogei kandela jarriz / zabiltza propio / baina zure aurpegiak / beste zerbait dio. Aginek zorrotz erantzun du: aurpegiaz zer dio / gaur nire lagunak / inoiz pastelik ere / ekarri ez dunak.

Puntu erantzunak

Puntu erantzunetan ondo aritu dira denak ere. Guztiek utzi dute gogoan hartzeko punturen bat. Kurtso hasiera zuen gaitzat Abarrategik; Felixek jarri dio puntua: irailean edozer / da aukera ona; eta erantzuna: baina kurtso hasiera / sekulako broma / oporrak luzatu nahiz / andre ta gizona / baina bukatzen zaigu / denoi zoriona. Mendizabalek ere utzi du erantzun eder bat. Felixek: landa lur asko dago / suak kiskalita; Unaik: guztia sasiz lepo / baitago jarrita / nahiz ta baserritarrei / maiz egin kritika / haiek egiten dute / langintza polita.

Hamarreko txikia

Bertso oso onak eta irristadaren bat edo beste, bietatik izan du hamarreko txikiak. Alaia Martinek arratsaldeko bertsorik onenetakoa kantatu du Peru Abarrategirekin egindako ofizioan. Lehenak dena utzi eta bizitza estiloa aldatzea nahi duela esan dio Peruri. Peruk kontserbadore izan hobe dela iradoki dio bertsoaldian zehar: nahiz aldaketarako zuk daukazun grina / non geratuko zaigu / lehenago egina? Alaiak, ordea, bizitza bakarra dela gogoraraziz erantzun dio:  kolorez bete nahi dut / mila ta bat album / begiak zabal izan / bizitu eta boom / bizitza bat daukagu / gozatu dezagun.

Ganbarako ariketa

Oihana Bartrak estrenatu du ganbarako gaia: epailearen aurrera ekarri zaituzte, esaten duzunak ez du zugan bakarrik eragingo. Bertsoaldi ederra izan da Bartrarena. Militantzia politikoagatik poliziak atxilotutako pertsona baten paperetik kantatu du, etxera bila etorri zaizkionetik epailearen aurrera iritsi arteko istorioa sinesgarritasunez kontatuz: zenbat ordu pasa ditut / nik kalabozo honetan? / hiru txakur pasa dira / epailearen plantetan / nork diosta oraingoa / epailea dela benetan? Bigarren bertsoan ere egoki heldu dio gaiari, berak dioenak beste batzuei ere eragingo diela iradokiz: agoantatu, agoantatu dut / ahal nuenetik gora / lagunek eukiko al zuten / ihes eiteko denbora. Azkenekoarekin borobildu du bertsoaldia: baina errudunak garela / erabakita daukate.

Agin Laburuk ere bertsoaldi ederra osatu du, bi puntu motzeko doinu berriarekin eta politikari baten ahotsetik: ni nintzen zinegotzia / alderditik egotzia / ta mendekua su motelean  / izango da egosia / nire hitzekin idatziko det / alderdiko autopsia.

Alaia Martinek saio osoan zehar erakutsi duen dotorezia erakutsi du bakarka ere. Gurasoak banatu zaizkion haurraren tokian jarrita osatu du bertsoaldia: haur bat nola joaten da / epailetzar batengana / galdera klasiko batek / jartzen du niregan zama / nor maite duzu gehiago / zure aita edo ama. Bigarren bertsoan hautatutako gaian sakondu du: galdera bat egingo dit / eta niregan glamourra / puskatzen da dar-dar baten / nire oin azpiko lurra / amak ta nik baitiogu / nire aitari beldurra. Hirugarren bertsoan lehen bertsoan egindako galderari erantzun dio: eskolan lagun artean / ezin nire mina aipa / baina amak ezin du izan / beti mamu bat jarraika / nahiz ta bihotz-bihotzetik / kontraesanekin maita / aitari esango diot / jada ez dela nire aita.

Mendizabal, beretik

Beregan ohikoa den estiloan jardun da bertsotan Unai Mendizabal: gaiaren inguruko erreferentziak bilatuz eta detaileetan arreta jarrita; elkarrizketetan bertsokideari bideak irekiz eta aukera ikustean umorez erantzunez; puntu erantzunetan bizkor eta joskeran txukun; bakarka, berriz, serio. Hamarreko txikiko eta bakarkako hirugarren bertsoetan egindako irristada txikiek eragotzi diote puntu gehiago lortzea, baina oro har saio polita egin du Harituzeko kide ezagunak. Haritz Mujika lagunari eskaini dio azken agurra, esker onez eta hunkituta. Datozen asteetan Haritzek berak, Beñat eta Oihana Iguaranek egingo dutena entzuteko irrikan geratu dira Tolosaldeko bertsozaleak. 

 

Getxoko puntuazio taula, Bertsozale.eus-en argitaratua.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!