Iñigo Izagirrek irabazi du bigarren kanporaketa

Bertsolariak gogotik ahalegindu badira ere, ezin izan dute beraien bertso mailarik onena erakutsi 

Irurako kanporaketaren ostean, erabakita daude II. Pello Errota bertsolari sariketako sei finalistak: Jon Martin, Izarne Zelaia, Iñigo Izagirre, Unai Mendizabal, Erika Lagoma eta Amaia Iturriotz. Irurako kanporaketan, Iñigo Izagirre (271,5) eta Unai Mendizabal (269) izan dira lehen bi sailkatuak eta ondorioz, finalerako txartela zuzenean eskuratu dutenak. Haien atzetik sailkatu dira Amaia Iturriotz (259,5), Odei Barroso (257), Xabat Galletebeitia (253,5) eta Saioa Alkaiza (252).

Eskualdeko nahiz eskualdetik kanpoko bertsozaleek erabat bete dute Irurako kulturguneko aretoa eta giro beroa sumatu da saio guztian zehar. Bertsoaldi biziak eta txalo zaparrada luzeak tartekatu dira eta bertsolariek beraien maila onena erakutsi ez duten arren, entzuleek egindako ahalegina eskertu diete behin eta berriro.

Zortziko handian ofiziotan hasi dute sei bertsolariek saioa. Ariketa horretan, azpimarratzekoa izan da Xabat Galletebeitiak eta Saioa Alkaizak lapurretan jasaten ari den auzune bateko herritarren azaletik. Lapurretei aurre egiteko kaleak kameraz bete nahi zituen Xabatek, Saioak ez. Zortziko txikiko ariketan, berriz, Unai Mendizabal eta Iñigo Izagirrek piraguan ibiltzera joan diren bi lagunen paperetik egindako saioa izan da borobilena eta jendearengan barre ugari sortu dute beraien bertsoek. Hamarreko txikian, berriz, saio txukunak egin dituzte bertsolariek baina bakarkakoan iritsi dira alerik onenak. Odei Barrosoren hiru puntu-erantzunak eta Xabat Galletebeitiaren bakarkako bi bertsoak izan dira azpimarragarrienak.

II. Pello Errota sariketako finala azaroaren 1ean izango da, Asteasuko frontoian, 17:30ean hasita. Finalerako sarrerak, berriz, aldez aurretik erosi ahal izango dira Asteasuko Iturri Ondo eta Patxine tabernetan, Zizurkilgo Iriarte jatetxean eta Villabonako Amasa kafetegian. Finalaren egunean, berriz, saioa hasi baino ordubete lehen zabalduko da txarteldegia (16:30ean).

Erlazionatuak

Jon Martinek irabazi du Abaltzisketako kanporaketa

Erabiltzailearen aurpegia Asteasu

Berrogeita hamar lagun inguru bildu dira Larraizko ermitan eta giro beroa sortu da lehen bertsoalditik.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!