Jon Martinek irabazi du Abaltzisketako kanporaketa

Berrogeita hamar lagun inguru bildu dira Larraizko ermitan eta giro beroa sortu da lehen bertsoalditik.

II. Pello Errota lehen bi finalisten izenak erabakita daude Abaltzisketako kanporaketaren ondoren: Jon Martin oiartzuarra eta Izarne Zelaia donostiarrak eskuratu dituzte finalerako lehen bi txartelak. 276,5 eta 266 puntu eskuratu dituzte, hurrenez hurren. Hirugarren Erika Lagoma sailkatu da 261 punturekin, laugarren Iñaki Viñaspre 255ekin, bosgarren Iñigo Gorostartzu 253rekin eta seigarren, Ander Elortegi 248,5 puntu bilduta.

Hasierako agurretatik eman zuen zeresana Larraitzeko areto bereziak, izatez ermita bat baita. Bertsolari askok norbere buruarekiko fedea aipatuz hasi zuen saioa eta behin agurrak abestu ostean, zortziko handiko ofizioekin hasi zuten sei bertsolariek saio puntuagarria. Zortziko handian zein txikian, bertsoaldi txukunak egin arren, hamarreko txikiko ariketan entzun ziren bertsoaldirik onenak, Izarne Zelaia eta Ander Elortegik osatu zutena denen buru: Errealeko futbolarien paperetik aritu behar izan zuten, euskara hutsez emango dituzten prentsaurrekoen harira.

Kartzelako ariketan, berriz, hiruna puntu erantzun eta gai bati bina bertso kantatu behar izan dizkiete bertsolariek. Ariketa horietan azpimarratzekoak izan diren bertsoaldiak Jon Martin, Izarne Zelaia eta Iñigo Gorostartzurenak izan dira.

Berrogeita hamar lagun inguru bildu dira Larraitzeko ermitan eta giro beroa sortu da lehen bertsoalditik, saioa lehertu ez bada ere. Bertsolari batek saioaren amaieran azaldu duenez, “jendeak oso harrera beroa egin digu eta eroso aritu gara bertsotan. Gaiek ere lagundu dute horretan eta saioaren balorazioa oso positiboa da”.

Hurrengo kanporaketa urriaren 18an izango da, Irurako kulturgunean eta bertan osatuko da azaroaren 1ean Asteasun izango den finalean kantatuko duten bertsolarien zerrenda. Honako bertsolari hauek izango dira bigarren kanporaketan parte hartuko dutenak: Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Unai Mendizabal eta Xabat Galletebeitia. Saioa 17:30ean hasiko da eta antolatzaileek bertara joateko gonbidapena luzatu nahi diete eskualdeko bertsozaleei.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!