Eskualdeko bi bertsolari, bigarren Pello Errota sariketan

Ataria 2020ko urr. 8a, 10:18

Abaltzisketan igandean abiatuko da sariketa eta Iñigo Gorostarzuk kantatuko du bertan; Irurako saioan, Unai Mendizabal ariko da

Euskal Herri osoko hamabi bertsolarik parte hartuko dute sariketaren bigarren edizioan. «Pello Errotak merezi du bere omenez horrelako sariketa bat antolatzea eta bizi dugun egoerak gauzak erraztu ez baditu ere, txapelketa egin egingo da», adierazi dute Harituz bertsozale taldeak eta Asteasuko Udalak.

Aurten ere puntako bertsolariek parte hartuko dute txapelketan, bertso maila altua izanagatik, plazaz-plazako ibilitik «apartexeago» geratu direnak dira ia denak, antolatzaileen esanetan. «Plazaz-plazako ibilian, norbere bertso mailaz gain, beste hainbat faktorek ere badute eragina eta zenbait bertsolarik ez dute lortzen dinamika horretara salto egitea. Hori dela eta, beraien bertso maila erakusteko plaza bikain bat eskaintzea da sariketaren helburu nagusia», aipatu dute Harituz bertsozale taldetik.

Hamabi bertsolari ariko dira aurtengoan ere txapela lortzeko lehian. Lehenengo kanporaketa, urriaren 11n izango da Abaltzisketako plazan eta bigarrena, berriz, urriaren 18an, Irurako kulturguneko aretoan. Bi kanporaketa horietatik sei bertsolari sailkatuko dira Asteasun, azaroaren 1ean jokatuko den finalera. Saio guztiak 17:30ean hasiko dira.

Duela bi urte egin zen lehendabizikoz Pello Errota sariketa eta arrakasta handia izan zuela ikusirik, 2020an berriz antolatzea erabaki dute. Aurten ere, guztia antolatzeko «lan handia» egin behar izan duten arren, txapelketak esfortzu horren neurriko emaitza ematea espero dute antolatzaileek; «bai bertsolarien aldetik, baita publikoaren aldetik ere». Hori dela eta, herritarrak saioak ikusi eta entzutera gonbidatu nahi izan dituzte eta ekitaldiak segurtasun berme guztiekin egingo direla jakinarazi dute. Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dira salgai, aretoan bertan.

LAZKOZEK JANTZI ZUEN LEHENA

Duela bi urte antolatu zuen Harituz bertsozale taldeak Pello Errota sariketa. Orduko hartan, eskualdeko bi bertsolarik hartu zuten parte: Txomin Azpirozek eta Beñat Iguaranek. Bietako bakar batek ere ez zuen lortu finalera sailkatzea. 2018ko urriaren 20an Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean ospatutako finalean aritu ziren Asier Azpiroz, Beñat Lizaso, Unai Gaztelumendi eta Eneko Lazkoz. Azken honek jantzi zuen txapela. 110 lagun elkartu ziren afaltzeko eta afalondoan ere jende gehiago sartu zen jantokira lau bertsolarien lanaz gozatu ahal izateko.

Aurtengo edizioan eskualdeko bi bertsolarik hartuko dute parte sariketan. Larunbateko kanporaketan kantatuko du Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarrak, eta hilaren 18an Iruran jokatuko den kanporaketan ariko da Unai Mendizabal Mendi zizurkildarra.

Lau bertsolarik kantatu beharrean, seik kantatuko dute aurtengo finalean. Abaltzisketako kanporaketako lehen bi sailkatuek, Irurako kanporaketako lehen biek, eta bertsolari horiez gain, puntuazio altuena lortu duten beste bik kantatuko dute azaroaren 1eko finalean.

II. PELLO ERROTA BERTSOLARI SARIKETA

Urriak 11, igandea

17:30. Lehen kanporaketa, Abaltzisketako plazan (eguraldi txarra egiten badu Larraizko ermitan). Ander Elortegi, Erika Lagoma, Iñaki Viñaspre, Iñigo Gorostarzu Etxorde, Izarne Zelaia eta Jon Martin. Gai-jartzailea: Uxune Areizaga.

Urriak 18, igandea

17:30. Bigarren kanporaketa Irurako kulturguneko aretoan ospatuko da. Amaia Iturriotz, Iñigo Izagirre, Odei Barroso, Saioa Alkaiza, Unai Mendizabal Mendi eta Xabat Galletebeitia ariko dira bertsotan. Gai jartzailea: Unai Belaustegi.

Azaroak 1, igandea

17:30. Finala Asteasuko frontoian. Albatzisketako kanporaketan irabazlea eta bigarren sailkatua; Irurako kanporaketako irabazlea eta bigarren sailkatua; eta puntuazioz lehen eta bigarrena. Gai jartzailea: Maddi Labaka.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!