Filosofo bat bertso saioan

Erabiltzailearen aurpegia Haritz Azurmendi 2019ko urr. 8a, 09:53

Inpostore bat, bertsoak epaitzen ez dakiena eta saioetara zersuma joan ohi den horietakoa. Horixe aukeratu dute oraingoan Lasarte-Oriako saioaz idazteko.

Filosofo bat bertso-sektaren bihotzean! Eta nik lotsa gutxirekin onartu, gertuko hainbeste lagun harrapatu dituen zera hori atentzio pixka batez aztertzeko behingoz. Agian baten bat harrituko da nire euskaltzale-kultureta posearekin bertso munduaz axala soilik ezagutzen dudala jakinda, baina hala da ba... Dena ez da ematen duena.

Dena ez, baina apur bat bai. Saioaren aurretik jolasean aritu ginen, antzokitik gertu zegoen tabernatik jendeari begira, ea kalean zebiltzanetatik zeintzuk errepikatuko genituen antzokian (motero itxurako kankailua ez, errezildar estetikako gazte kuadrilla bai). Eta zer esatea nahi duzue... denak asmatu genituen. Estereotipoak egi-egiak ez, baina egoskorrak izaten dira.

Saioan zehar konturatu nintzen topiko eta estereotipo horiek balio heuristikoa dutela (esan dizuen kritikari ez, filosofo trajearekin joan nintzela). Heuristiko greziera zaharreko heuriskotik dator eta bilaketarekin, aurkikuntzarekin dauka lotura. Orain pentsatu: gai-jartzaileak gaia topikoa edo eremu komuna azken batean jartzen du eta bertsolaria hortik abiatzen da bertsoaren bila. Bilaketaren abiapuntua jartzen du estereotipoak hortaz. Baina gero Txapelketetako sintoniak bezala izan ohi da; hasieran ongi, laster ezagunegi. Horregatik abiatzen da bertsolaria huraxe fintzera, ertzak marraztera, norbere ahotsera ekartzera. Azken batean, estereotipoak itsasargiarena egiten du: helduleku bila dabilela zer bai eta zer ez erabakitzen laguntzen dio bertsolariari; entzuleari zenbateraino arriskatu duen adierazten dio. Larunbatean ere egon zen ariketa heuristikorik, baina puntuazioei begiratuta ez dut uste «Eureka!» asko izan zenik. Bilatzea gauza bat baita, guztiek egiten dutena, eta aurkitzea bestea, ahal duenak lortzen duena.

Dena dela, ni gustura atera nintzen saiotik. Estereotipoei euren balioa aitortu nien, saioa atentzioz entzuteko modua bilatu nuen eta kantatu aurreko isiluneetan bertsolarien errotak ateratzen zuen karranka-hotsa entzun. Ez hori bakarrik: saio ostean (H)arituz-ekoek afaltzera gonbidatu ninduten eta azkenerako hain sektarioak ez direla ere pentsatzera etorri nintzen. Mesede bat, beraz, irakurle: inoiz bertso-kantuan ikusten banauzue jo buruan Aristotelesen liburu batekin, beranduegi izan baino lehen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!