Txapelketa gosez

Erabiltzailearen aurpegia

Txapelketa gosea nabarmena zen igandean Villabonako Gurea aretoan. Sarrera guztiak aurrez salduta eta jendea gogotsu agertu zen. Bertsolariak ere txapelketak ohikoa duen urduritasunez suma zitezkeen.

Zortziko handiko ariketan ohikoa den seriotasunarekin saio txukunak osatu zituzten 6 bertsolariek. Aipagarriena Akizu eta Mantxiren arteko saioa, aurrejubilatzea eskaini zieten bi lankideren ahotik. Bihar biziko geran jakin ez/ta zertan lanean segi bota zion Mantxik okin nekatuaren paperetik, alfonbra gorri bat jarri arren/kaleratze hutsa da hau Akizuren erantzun zorrotza.

Entzuleak zortziko txikiko ariketan piztu ziren. Perretxiko bila Sorian alerik bildu gabe, boxeo ringean entrenatzailearekin ika-mikan edo hondartzan biluzik jarrarazi zituzten bertsolariak. Ale umoretsuak izan ziren eta entzuleak gustura txalotu zituen.

Puntu erantzunek ez zuten punta puntako bertsoaldirik utzi. Hamarreko txikian elkar hartu zuten bertsolariek eta orokorrean gaiei zuten pisua arintzeko saiakera bat ere ikusi zen. Iguaranek Etxeberria laguna arkitekto bezala ez zuela hartuko eta utzi zituzten umore zertzelada batzuk. Akizu berriz Lopezengana hurbildu zen udaletik zor zioten fakturaren eske eta kulturgintzaren prekarietatearekiko axolagabekeria aurpegiratu zion. Urdangarin arduratuta zegoen Mantxi lagunari bikoteak etengabe mezuak bidaltzen zizkiola eta; Urdangarinek bikotearen kontrolarekin kontuz ibiltzeko esaten zion bitartean Mantxik jeloskor ote zegoen galdegin zion Urdanagarini seko jeloskor zaude hori ezin uka/ez daukazu mezurik zeinek bialdu ta.

Horrela heldu ziren 6 bertsolariak kartzelakora. Honela zioen gaiak : Kartzela zaina zara, eguneko lanaldia bukatuta irribarrez zoaz etxera bidean. Bertsolari bakoitzak bere bidea hartu zuen irribarre horren motiboa zehazterako orduan. Mantxi pozik zen berak ez zuelako kartzelan lo egin beharrik. Maialenen irribarrea euskal presoek jasotzen duten elkartasunari zor zitzaion. Oier Etxeberria tratu krudela eragiten duen kartzela zainaren larruan sartu zen. Iban Urdangarinek kartzelaren irudikapen oso sinesgarria egin zuen bere egunerokoa deskribatuz presoarekiko sortu daitekeen enpatiarekin lotu zuen bere irribarrea besarkadarik ez den tokian/begirada bat asko da. Hodei Lopezek futbol partidak moldatzen zituen iruzur sarea preso sartu zutela eta pozik.

Kartzelatik itzultzen azkena Beñat Iguaran izan zen. Akatsik gabeko saioa zeraman, erregularra, baina ariketa honetan jo zuen goia goitik beherako hiru bertsorekin. Estimu haundian duen euskal preso baten ongi etorrira joatea erabaki zuelako irribarrez. Lan honekin Andoaingo saiorako sailkatzea lortu zuen amasarrak.

Albiste hau ATARIKIDEei esker argitaratu dezakegu. Haiei esker Tolosaldeko albisteak libre, euskaraz eta kalitatez irakurtzen dituzu. Horrela izaten jarraitzeko eman babesa Tolosaldeko Atariari eta ZU ERE IZAN ZAITEZ ATARIKIDE.

#EgitenDuzunaGara


EGIN ATARIKIDE!