Asteasuko errotari berria

Erabiltzailearen aurpegia Igotz Alkorta 2019ko ira. 17a, 17:59

Pello Errotaren heriotzaren mendeurrena gogoratzen du 2019ko Gipuzkoako txapelketak. Oñati izan du lehen geltokia. Asteasuar bat bertan, bertsoaren errotaren urak Asteasun idortu ez direnaren seinale.

Haritz Mujika gaztea da oso baina ez da hasiberria. Ez du aurtengoa Gipuzkoako lehen txapelketa eta gazte mailan diren eta ez diren lehiaketa guztiak irabaziak ditu azken urteetan.

Txapelketan egin beharraren pisua bertsotan baino aurpegikeran antzematen zitzaiola esango nuke, oso serio saio osoan, oso berera bilduta. Izan ere, agurrean adierazi zuen moduan, inori gustatu ez eta denok biltzen gaituenada txapelketa. Eta sufritu aurpegia izanagatik, Haritzek garbi utzi zuen behin trenera igota ez duela jaitsi nahi.

Ofiziotan eta seriotik sendotasuna erakutsi zuen. Zortziko handian sexuaz galdetzen dien 10 urteko alabaren guraso paperean kantatu zuen Aratz Igartzabalekin. Haritz haurraren galderak erantzutearen aldeko jarreran egokitu zen eta arrazoiketa sendoak ikusi genizkion lehen bertsotik, gero pornoa ikusiko du eta harritu egingo gera. Zortziko txikiko ariketa izan zen ziurrenik bere lekua aurkitzea gehien kosta zitzaiona, baina lanerako zegoen Haritz eta ez zuen horrek kikildu. Puntu erantzunetan, bereziki bigarren bertsoan asmatu zuen, galderari bigarren puntutik amaierara egoki erantzunez.

Larunbatetik ariketa bat apartatu beharko banu ordea, hamarreko txikikoa aipatuko nuke. Jatetxe batean karta gazteleraz soilik dagoelako alde egitea proposatu dio Haritzek bertsokide zuen Felix Zubiari. Zubiak zerbitzariak txinatarrak direla esan ostean, gazteleraz ederki ikasi dute baizan zen asteasuarraren lehen bertsoaren amaiera. Lehen bi bertsoak bereziki izan ziren azpimarragarriak, Zubiaren esanei azken puntuan eta arrazoi sendoekin erantzuten asmatu baitzuen. Azkenik, kartzelakoan errazena zen bidetik urrunduta, lan sinesgarria egin zuen, sei puntuko bertsoak, ondo beteta, bakarkakorako nahikoak izan daitezkeela agerian utziz. Bere garaipena ez zen, beraz, ezustea izan, herrian kantatzen zuen Maider Arregirekin batera, gainontzekoengandik koska bat gorago jardun zuten sentsazioa baikenuen gehienok.

Asteasuko bertso errotak badu errotari berria.

Hurrengoan ea bertso bikainez gain irribarre bat oparitzen digun.

Bejondeiala Haritz!

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!