60 lagunetik gora izan ziren Anoetako areto ederra goxatu zutenak. Eta haien aurrean Imanol Artola "Felix"en esanera aritu ziren Eneritz Artetxe, Unai Gaztelumendi, Oihana Bartra, Aimar Karrika, Eneko Lazkoz eta Txomin Azpiroz herritarra.
Azpimarratzekoa izan zen zortziko handian saioari eman zioten hasiera, bertsoaldi bikainak osatu zituzten. Zortziko txikian ez zuten denek handiko distirarik erakutsi, baina puntu erantzunetan denek asmatu zuten eta erantzun gogoangarri bat baino gehiago izan ziren tartean.
Sei puntuko motzak dakartzan zailtasunei ondo eutsi zieten orokorrean. Kartzelako lanean Artetxe eta Bartra lanari agur esateko trasteak jasotzen ari diren langileak izan ziren, Azpiroz eta Karrika ikasketak amaitu ondoren noraezean dauden gazteak, eta Gaztelumendi eta Lazkoz parranda batean ligatu ondoren beste baten ohean daudela bikotekidearen deia jaso dutenak.
Maila altuko kanporaketa izan zen ostiralekoa, eta bertsolariek lanak amaitu ostean erabakita geratu zen I.Pello Errota Sariketako finalean abestuko duen laukotea:
-Beñat Lizaso
-Asier Azpiroz
-Eneko Lazkoz
-Unai Gaztelumendi
Finala bertso-afari formatuan izango da Urriaren 20an Asteasuko Iturriondo jatetxean. Txartelak 20€an salgai daude Iturriondon bertan, eta bertaratu ezin duenak erreserba egin dezake harituz.bzt@gmail.com helbidera idatzita.