Imanol Artola “Felix” gai-jartzailearen esanetara aritu zen seikotea. Agurren ostean zortziko handian Tolosaldeko autobus gidarien grebari, Zinemaldiari eta Euskaraldiari buruz aritu behar izan zuten bertsotan. Zortziko txikiko ariketak bizi joan ziren eta bertsoaldi borobilak entzun ahal izan ziren. Puntu erantzunetan guztiek asmatu ez bazuten ere, denek utzi zuten ale bikainen bat. Seiko motzean, berriz, denek asmatu zuten pisuzko gaiei bertsotarako hari aproposa bilatzen eta bertsoaldi ederrak utzi zituzten.
Bakarkakoan antzeman ziren alderik handienak behar bada. Sei bertsolarietatik hiru joan ziren kartzelara eta oholtzan geratu zirenek bakarkako lanak amaitu ostean itzuli ziren. Eskolako jolastokiaren iskin batetik beren lagunek nola jolasten zuten begira zeuden haurrak izan ziren Murua eta Alkaiza, parrandatik bueltan etxeko atea zeharkatu berri duten emakumeak izan ziren Lizaso eta Illaro, eta kalera bota behar duten langilea bulegoko atean zain duten nagusiak Azpiroz eta Iguaran.
Lanak amaitu ostean, erabakita gelditu ziren urriaren 20an Asteasuko Iturriondo Jatetxean izango den finalean abestuko duten lehen bi bertsolariak: Beñat Lizaso eta Asier Azpiroz.
Hurrengo kanporaketa ostiral honetan, urriaren 5ean, Anoetako Mikela Sagasti aretoan izango da 22:00etan hasita. Bertan abestuko duten bertsolariak honakoak izango dira: Eneko Lazkoz, Eneritz Artetxe, Unai Gaztelumendi, Aimar Karrika, Oihana Bartra eta Txomin Azpiroz.
Gogoratu finalerako sarrerak salgai daudela Asteasuko Iturriondon bertan, eta bertaratu ezin duenak bere erreserba egin dezakeela harituz.bzt@gmail.com helbidean.