Askori ahaztu egiten zaie, ordea, nondik datorren M8a. Klara Zetkin eta Kate Duncker militante sozialistek egin zuten egun hau ospatzearen proposamena. 1910ean Kopenhagen egindako Europako emakume sozialisten bilkuran, hain zuzen ere. Emakumeen boto eskubide unibertsalaren eta amatasunaren babes sozialaren aldeko borrokan pausu taktiko bat izango zena izendatu zuten. Izan ere, beraiek argi zuten emakumeon eskubide politikoen aldeko defentsa ezinbestekoa zela sozialismoarentzat. Martxoaren 8a, beraz, ospakizun hutsala izatetik urrun, emakume langileon nazioarteko eguna da, bizi dugun zapalkuntzaren aurkako eta sozialismoaren aldeko borroka indartzeko eguna.
Azken urte luzeak krisi ekonomikoak definitu ditu eta langileon bizi baldintzak etengabe okertu dira, baita estatuen izaera autoritarioa areagotu ere. Testuinguru honetan, milaka emakume langileren miseria areagotu besterik ez da egin: lan baldintza penagarriak, zaintza zerbitzuen murrizketak eta pribatizazioak eragindako familiako zaintza lanaren gainkarga, diru-laguntza gero eta murritzagoak… Gainera, faxismoa zabaltzen ari den honetan, ideia atzerakoiak eta matxistak ere izugarri indartu dira eta horrek ondorio zuzena du emakume langileengan: hasteko, gure zapalkuntza ukatzen dute, eta komeni zaienean ideia arrazistak zabaltzeko baliatzen dute. Horrez gain, abortuaren aurkako jarrerak, matxismoaren ukapena, erasoen gorakada zein gorroto diskurtsoen zabalpena ere aipatzekoak dira. Esatatu kapitalistan integratuta dauden alderdiek ezer gutxi egin dezakete emakumeon emantzipaziora bidean, kapitalismoak beharrezkoa baitu emakume langileon zapalkuntza erreproduzitu eta bere horretan mantentzea, azpiratuta. Guk argi diogu: emakume langileon emantzipazio osoa lortzeko, gehiengoaren ongizatean eta berdintasunean oinarrituko den gizarte bat eraiki behar dugu, gizarte sozialista, eta bide horretan egin nahi dugu ekarpena.
Hori dela eta, aurten, Itaiako kideok martxoaren 8a baliatu nahi dugu batetik, faxismoaren eta matxismoaren aurka irmoki borrokatuko duen jendarte bat eraikitzeko dugun konpromezua erakusteko eta horretan lehen lerroan egongo garela garbi adierazteko. Bestetik, emakume langileon zapalkuntzarekin amaitzeko alternatiba politiko iraultzaile bat indartzeko beharra azpimarratuko dugu. Amaitzeko, antolakuntzarako eta borrokarako deia zabalduko dugu. Edonork ospatzen duen egun protokolario bat izateari utzi eta M8aren izaera borrokalaria berreskuratu nahi dugu: gure probreziaren arduradunak, erasotzaileak, objektu gisa tratatzen gaituztenak eta gure aldarrikapenak edukiz hustu nahi dituztenak seinalatuko ditugu. Ez baitago beste alternatibarik sistema kapitalistaren aurka borrokatzea baino. Martxoaren 8an, batu Itaiaren mobilizaziora: 12:30etan Triangulon!
Amaia Simpler Oria, Tolosaldeko Itaiako kidea.