Altzoko bide bati buruz, udal argibideak

Erabiltzailearen aurpegia Altzoko Udala 2025ko ots. 26a, 07:58

Testu honen bitartez hilabetearen hasieran argitaratu zen gutuna erantzun nahiko genuke.

Egia da Bilboko Auzitegi Gorenak sententzia eman duela 2024ko abenduaren 3an Altzoko bide baten desjabetzea baliogabetuz. Ez da hori izan ordea auzi honetan eman den epai bakarra. Aurrez Donostiako Epaitegiak desjabetzearen aldeko sententzia eman zuen 2023ko irailaren 21ean.

Bilboko eta Donostiako epaiak kontrajarriak direnez Madrilgo Auzitegi Gorenak erabaki beharko du auzia azkenean, Altzoko Udalak jarritako alegazio errekurtsoa tramitera onartu berri baitu.

Bestalde, udalak argi utzi nahi du, ez diola inori kalterik sortu bidea hobetzearekin. Bide inguruan dauden 3 pabiloiak nekazal izaera eta erabilpena dute eta halaxe izango dute etorkizunean ere, inolako aldaketarik gabe. Bidea txukundu eta asfaltatu izanak mesedea besterik ez die egiten 3 pabiloiei.

Gainera, asfaltatze lanak egin zirenean (2024ko martxoan) bidea publikoa zen Donostiako Epaitegiaren sententzia zegoelako indarrean. Geroztik etorri da Bilboko sententzia aurrekoa baliogabetuz. Beraz ez dugu zalantzarik diru publikoa ondo erabili zela bide publikoa zena txukuntzen eta asfaltatzen. Iritzi berekoa zen Gipuzkoako Foru Aldundia ere inbertsioaren erdia finantzatu zuenean, diru-laguntza emanez.

Azkenik interes sozialaren gaiari helduko diogu. Bilboko epaileak aurkakoa esan arren, errespetu osoz diogu Altzoko Udalarentzat baserritar, nekazari eta abeltzainak sustatzea eta laguntzea interes sozialeko eginkizuna dela. Ez dezagun ahaztu beraiek direla gertuko eta kalitateko elikagaiak sortzen dituztenak, gure herrietako ingurumena zaintzearekin batera. Azken urte eta hamarkadetan lehen sektoreak izan duen bilakaera ikusirik, gure baserri eta nekazal ustiakuntzak babestu eta sustatzea bada lehentasun soziala guretzat.

Altzoko udal talde osoa  
Altzo

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!