gutuna

Inauterien lehen balorazioa

Erabiltzailearen aurpegia Andu Martinez de Rituerto 2024ko ots. 14a, 18:07

Pasa dira aurtengo Inauteriak, Tolosako alkate modura bizi izan ditudan lehenak. Eta, ezer baino lehen, tolosarrak zoriondu eta eskertu nahi ditut, bakoitzak bere alea jarriz, oro har jai ederrak pasa ditugulako.

Inauterizaleen sormenak ez du mugarik: gogotik egin dugu barre parodia eta mozorroekin. Aipatuko nituzke batzuk, baina ez litzateke justua: zenbat eta zenbat adibide on eta eredugarri! Inauterietako doinuen erritmora saltoka ere disfrutatu dugu, eta liluratu gara kontzertuekin.

Barne mailan, udaleko sail askorekin, eta astelehenean (19:00etan, udaletxeko bilkura aretoan) herritarrekin eta eragileekin modu irekian, hausnartu beharko dugu hartutako neurrien, ondo egindakoen eta hobetu beharrekoen inguruan. Dena den, lehen uneko hausnarketa hauek partekatu nahi nituzke:

Giro ederra: Jai giro benetan atsegina izan da herriko gune askotan: Euskal Herria plazan egunero jendetza bildu da; adin askotako inauterizaleak bildu dira Zerkausiko txarangen dantzaldietan; Txosnetan ere bai, bereziki eguerdietako kontzertuetan.

Zezen plazako sarbidea: Orokorrean, aurten ez da jende pilaketarik izan, eta modu egokian egin da. Zalantzarik gabe, fintzen jarraitu behar da, baita sarrera salmentarena ere, baina oinarri bat sortu dugu arrisku egoerekin zegoen arazoa konpondu nahian, eta horretan jarraituko dugu.

Zaldunita eguna: Sekulako jendetza izan zen; eguerditik aurrera, batik bat. Horrek ere eragin zuzena izan zuen bereziki txarangen igoera eta jaitsieran, eta irtenbide bat topatu behar diogu horri, guztiontzat erosoa eta ederra izan dadin une hori.

Garbiketa eta herri lanak: Sekulako lana egin dute; pertsonalki eta aurrez aurre eskertu diet inauterietan egin duten lana, baina publikoki ere esan nahi dut; mila esker! Aurten ere edukiontzi eta komun gehiago jarri dira, leku gehiagotan, baina inoiz da ez nahiko. Jarraituko dugu hori hobetzeko lanean, baita sentsibilizazio lana egiten ere, denon ardura baita.

Tamalez, izan ditugu nahiko ez genituzkeen jarrera eta gertakariak: behar adina aldiz esango dugu sexu erasoek ez dutela lekurik Tolosan. Jarraipena egingo diogu ere bai Ertzaintzaren kargan larri zauritutako gaztetxoaren gaiari. Une honetan gaztearen osasuna da lehentasuna, azkar eta ondo sendatzea da denon nahia; hala ere, gertatutakoa argitu dadin lan egingo dugu. 

Gertaera larri hauek salatzen jarraituko badugu ere, oro har festa giroa izan da nagusi. Tolosak beste behin erakutsi du festarako eta ondo pasatzeko gogoa duen herria dela. Asmo horrekin, denon ekarpenekin, prestatuko ditugu hurrengo inauteriak.

Andu Martinez de Rituerto
Tolosako alkatea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!