Gutuna

Gora inauteriak!

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako EAJren udal taldea 2024ko urtarrilaren 31

Begietan distira nabari zaigu. Begirada konplizeak gurutzatzen ditugu. Gure etxeetan mozorroak azaltzen hasi dira eta aski ezagunak ditugun musika-piezak urrunean aditzen ditugu; behin eta berriz melodia berberak errepikatuz.

Inauteriak hurbiltzen ari dira. Haien doinua gero eta hurbilago entzuten dugu, funtsean, taupada horiek gure barrutik irteten direlako. Sentimendu erabat baikorrak pizten dituzten taupadak dira, batzuk dena beltz ikustarazten saiatzen diren garai hauetan.

Xuxurla horiek belaunaldien arteko festa herrikoi batzuk ekarriko dizkigute, gogoraraziko digutenak, txarangekin salto egiten dugunean bezala, besotik helduta, beti aurrera egiten duen herri eta komunitate bat garela.

Adimen artifizialaz hainbeste hitz egiten den garai hauetan, inauteriek, egun batzuetan zehar behintzat, arazoak erlatibizatzeko ariketaren jakinduria naturala dakarte gogora, adiskidetasuna eta umore ona balioan ipiniz.

Gure osasun pertsonala eta soziala hobetzeko eta indartzeko erremedio gisa, sakonki tolosarrak diren jai paregabe hauek ere badituzte hain desiragarriak ez diren albo-ondorioak. Behar baino zabor gehiago sortzen dugu; gomendagarria dena baino gehiago edaten da, eta zaratak, batzuetan, tamalez, festa gortzen du. Izan gaitezen arduratsuak. Bizitzan bezala, orekan dago gakoa. Hala ere, bada gai bat erabateko irmotasuna eskatzen duena, eraso matxistena. Guztion konpromisoa behar dugu gure festarik kuttunenak indarkeriarik gabe ospatu daitezen.

Inauterien miraria posible egingo duten pertsona guzti horien lanari gure esker ona aldez aurretik adieraziz, goza ditzagun gure festa maitatuenak. 

Gora inauteriak eta gora Tolosa!


Tolosako EAJren udal taldea; Xarles Iturbe eta 6 zinegotzi gehiago

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!