gutuna

Txozna Batzordearen ahultze saiakeraren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Mikel Etxaburua eta Jatsu Ormazabal, Tolosako Txozna Batzordeko kideak 2023ko urtarrilaren 27a

2018ko Tolosako txosnen irudia. Iturria: Tolosako Txoznak/Facebook

Batetik, sortukideek esandakoaren aurka, ezker abertzaleak beti eduki du Txozna Batzordeko deialdien zein bertan landutakoaren berri. Haiexek dira deialdi horietara bertaratu izan ez direnak, udalaren erasoari aurre egiteko proposamenik eraman ez dutenak, baita Txozna Batzordeak helburu horrekin egindako ekimenetan parte-hartu ez dutenak ere. Are gehiago, Sortu bera izan da gure proposamenaren gaineko haien desadostasunak Txozna Batzordean aurkeztu beharrean, irakurketa publiko batekin jakinarazi dizkiguna. Argi dago beraz nor ari den Txozna Batzordearen jarduna zein legitimitatea ahultzen.

Bestetik, jai giroaren ordez konfrontazioa lehenetsi izana aurpegiratu digute. Hori da aurpegia hori. Udal Gobernuak behin eta berriro ikusarazi du Tolosako Txoznak ahultzeko duen helburua, hala, urte honetan txosna Euskal Herri Plazan kokatzeko egindako debekua logika horren lehen pausoa besterik ez dela ulertzen dugu. Horrek bi aukera besterik ez dizkigu uzten: EAJren erasoa onartu ala aurre egin. 

Guk argi dugu: herriko eragileek jai giro, sozializazio zein finantzazio eremuak sortzeko duten eskubidearen alde lerratzen gara. Tolosako txosnen aurkako eraso horri aurre egiteko asmoz aritu gara informazioa kalean sozializatzen, atxikimenduak zein sinadurak biltzen eta mobilizazioak antolatzen. Sortuk azaldu beharko du, orokorrean, zergatik uste duen EAJren eraso honi ez zaiola aurre egin behar, eta konkretuan, zergatik uste duen ekimen horiek lekuz kanpo daudela. 

Azpimarratzekoa da gainera guztiz kontraesankorra dela Tolosako Sortu, parte hartzeko bide guztiak irekita edukita ere, aniztasunaren galera salatzen egotea, eta indar posizio batean aurkitzen diren txosna batzordeetan beto politikoa sistematikoki ezartzen aritzea (Hernani, Gasteiz, Lazkao, Egia…).

Amaitzeko, esan nahi duguna da Txozna Batzordetik aurre egingo diogula batzordearen beraren ahultzea bilatzen duen edonori. Bide batez, dei egiten diogu herritar orori txosnaren defentsan aurrera eramaten gabiltzan borrokan parte hartzera.

Mikel Etxaburua eta Jatsu Ormazabal, Tolosako Txozna Batzordeko kideak 

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!