Gure herriko festa handien atarian, konfrontazioa eta liskarra lehenetsi dira, aldarrikapena eta festa uztartzen dituen gune baten aurretik. Honek, hainbeste urtetan landutako jai herrikoi eta herri mugimenduen espazioaren galera ekar dezake.
Txozna Batzordea elkargune bat izan da beti, aniztasuna modu praktiko eta eraikitzaile batean kudeatzeko gai izan dena. Osaketari eta partaide kopuruari dagokionean ere zabala, eragile ugari pasa baitira bertatik, urte horretan txosna jarri nahi zuen talde oro hain zuzen.
Gauza askotan asmatuko zen eta seguruenik hanka sartzeren bat edo beste egingo zen, baina bai batak zein besteak Txozna Batzordean eztabaidatu eta adostuak.
Gure ustetan, badira jada urte batzuk hau pixkana-pixkana aldatzen joan dela, eragileen elkargune bat izatetik batzuen interesen araberako klub pribatua bilakatu delarik.
Parte hartze eta demokrazia errealik ez da: Eragile berrien sarrera mugatzen baitute, iaz hainbeste urtetan txosna jarri duen Jatorkinekin gertatu zen moduan; edota Txozna Batzordearen izenean, batzordean bertan hitz egin gabeko ekimenak egiten baitituzte, pasa den ostiralean udaletxean gertatu zen moduan.
Txozna Batzordea funtzioez hustu dute, eta jada ez da erabakiak hartzeko gune bat; batzordetik kanpo hartzen diren erabakien berri emateko gunea bilakatu da. Udaletxeak eginiko proposamenaren inguruan eztabaida seriorik ez da eman, eta azaroan jakinarazi ziguten, haiek ala erabakita, elkarlanean oinarritutako funtzionamendu moldea apurtu eta eragile bakoitzak bere kabuz antolatu eta gestionatu beharko zituela aurtengo Inauteriak. Zer zentzu dauka beraz gestiorako eta erabakitzeko ahalmenik gabeko Txozna Batzorde honek?
Txozna Batzordeari berezkoak zituen funtzioak ostu dizkiote. Bertan gauden eragile batzuk, konfrontazio espiral batetara eramanak izan gara, erabaki ahalmenik gabe eta ez gaude ados. Txozna Batzordeak egun erabaki ahalmenik ez du eta zentzu horretan, Txozna Batzorde deitzen den horien erabakiak eta ekimenak ez ditugu gure egiten.
Inauteriak izatez eta izenez festa alai, koloretsu eta herrikoiak dira. Ezaugarri hauek, aldarrikapen ezberdinekin eta berdintasunean oinarritutako baloreekin uztartuko lituzkeen gune bat merezi dute.
Alhoa Karrera eta Dani Lopez
Tolosako Sortuko kideak