Gobernu Batzarraren aktan jasotako txostenak hala dio hitzez hitz: «Udal teknikarien aldetik uneoro San Frantzisko pasealekuko 37 eraikinaren egungo fatxadak mantentzearen alde egin da, baina ezin da horretara derrigortu, besteak beste, ez dagoelako katalogatuta eta arau partikularrek ordenazioz kanpo izendatzen dutelako. Egungo eraikinaren balioaren adierazle da Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizialak argitaratutako Gipuzkoako (1850-1960) Arkitektura gidan sartua dagoela».
Aipatutako txostenean honako hau jasotzen da baita ere: «Egungo eraikinari arkitektura aldetik balioa aitortzen zaio, nahiz eta (Tolosako) planeamenduak babesik ez eman. Hori horrela eta eraisketak galera bat dakarrenez, eraikinaren lekukotza behar bezala jasota geratzeko helburuarekin, Ondarearen Proiektu tekniko bat egin beharko da. Proiektuak eraikina deskribatuko du, idatziz, planoz eta argazkiz». Hori izango da, beraz, etorkizunerako utziko dugun ondare guztia.
Egoera hau EAJ-k eta PSE-EE-k 2009an onartutako Hirigintza Plan Orokorraren ondorio zuzena da. Plan horretan ez baitzen inolako sentsibilitaterik erakutsi gure historia eta ondarea babesteko.
Nahiz eta udaleko hirigintza teknikariek eta Arkitektoen Elkargoak bere balio historikoa aitortu, Tolosan gelditzen zaigun eraikin berezi bakanetakoa galduko dugu.
Tristea da gure ondarea babesteko neurriak hartzeko gai ez izatea eta birgaitzearen aurretik eraikinak eraistearen alde egiten dela ikustea.
Birgaitzearen alde eginez gero, gure ondarea babestuko genuke eta gero eta urriagoak diren baliabideen erabilera jasangarriagoa egingo genuke.
Andu Martinez de Rituerto Arregi, Tolosako EH Bilduren udal taldeko bozeramailea