San Frantzisko pasealekuan 23 etxebizitza berri eraikiko ditu udalak

Josu Artutxa Dorronsoro 2022ko ots. 1a, 07:59

2020an, bazterkeria egoeran dauden pertsonak artatzeko proiektu pilotua jarri zuten martxan (Ekin-Enea), San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakian.

Bi eraikin berri egingo dituzte Tolosako pasealekuko 37. zenbakiko azpi-esparruan; giza baliabideak arrazionalizatzeko programa ere onartu dute azken osoko bilkuran.

Tolosako Udalak San Frantzisko pasealekuko 37. zenbakiko azpiesparruko xehetasun azterketa onartu du urtarrileko osoko bilkuran. «Eremuaren hirigintza garapenerako urrats bat gehiago da», adierazi du Egoitz Sorozabal EAJ-ko zinegotziak. Horrela, 2009ko Plan Orokorrean jaso bezala, 23 etxebizitza libre berri eraikiko dira (azpian garajeekin) bertan, bi eraikinetan banatuta.

Sorozabalek azaldu duenez, plan orokorrak ez du esaten egungo eraikinak botatzeko. «33. zenbakiaren kasuan, fatxadak babestu behar dira; 37. zenbakian, ordea, bi eraikin berri egitea aurreikusten da». Xehetasun azterketa tramitatzearen arrazoi nagusia «bi eraikinetan balkoiak jartzeko aukera ahalbidetzea» dela esan du zinegotziak. «Teknikoki, eta politikoki noski, ontzat ematen dugu balkoiak egiteko aukera», gaineratu du.

Irailean jarri zen martxan azterketa, eta orain arte, bi alegazio aurkeztu dituzte. Lehena, pasealekuko 35. zenbakiko jabekideek; bestea, herritar talde batek. Azken honetan, etxebizitza baino garajeko plaza gehiago sortuko direlako, eta horietarako sarrerak espazio publikoa okupatuko duenez, espazio horren kalitatea gutxituko duela arrazoitu dute. Bi alegazioak «partzialki» onartu ditu udalak; bigarrena, gainera, kontuan izango dute urbanizazio proiektuan. Ondorioz, udalak behin betiko onespena eman dio azterketari: «Txostenak nahiko aurreratuta daude eta laster aurrerapausoak emateko moduan izango gara».

Etxebizitzak egiteko, gaur egun bertan kokatzen den Villa Sagrado Corazon eraikina eraitsiko dute. Honen harira, triste azaldu zen Andu Martinez de Rituerto oposizioko zinegotzia: «Tolosan gelditzen den eraikin singular bakarrenetakoa galduko dugu. Tristea da gure ondarea babesteko eta egoera honetara ez iristeko neurriak hartu ez izana».

Antolamendu berria

Herritarrei kalitatezko arreta eta zerbitzuak bermatzen jarraitzeko helburuarekin, aldaketa sakoneko prozesu integral batean murgilduta dago Tolosako Udala. Eraldaketa horren barruan kokatzen da Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Programa. Bada, programa hori behin-behinean onartu berri du udal gobernuak; oposizioa aurka agertu da. Ander Figuerido EH Bilduko zinegotziak 2004ean udal langileekin adostutako eta udalbatzako alderdi guztiek berretsitako lan hitzarmena ez betetzea egotzi die gobernuko bi alderdiei, langileen lan eskubideak urratuz.

Hori dela eta, antolamendu berria ezarri dute udalean, «modu planifikatuagoan eta koordinatuagoan lan egiteko»; halaber, udal organigrama berria eta lanpostuen balorazioa martxan daude. Lau helburu ditu programak: antolakuntza-egiturak eta lanpostuak aldatzeko aurreikuspenak egitea, lanpostuak betetzeko alor jakinetako langileei mugaturiko lehiaketak egitea, barne sustapenerako neurri bereziak zehaztea eta plantila gaztetu eta langile publikoen erretiro mailakatua bultzatu ahal izateko erretiro aurreratua sustatzeko sistema bat ezartzea.

2018an onartu zuen udalak Giza Baliabideak Arrazionalizatzeko Plana, baina 2019an legez kontrakotzat jo zuen Auzitegi Gorenaren epaiak. «Beharrezkoak diren egokitzapen eta eguneratzeak egin eta aurre-erretiro primak ordaindu ahal izateko berritu dugu plana», azaldu du Xabier Balerdi EAJ-ko zinegotziak.

Proposamen hau onartuta, aurrerantzean Udalhitz protokoloko lan hitzarmenak zehaztutako kopuruetara ekarriko dituzte pizgarriak, kopuru horiek hobetuta. «Orain arte, udal langileek prima bikoitza kobratu dute», adierazi du Balerdik. «Hortaz, esaterako, bi urte lehenago erretiratzen den langileak, gehienez ere, orain artean kobratuko lituzkeen 18 hilabete ordez (prima bikoitza), 11 hilabete kobratzea proposatzen dugu, lan hitzarmenak zehaztutako bederatzi hilabeteak eta bi gehiago, alegia». 2027ra bitarte, aldaketa «modu progresiboan» emango dela aurreratu du Balerdik.

Ur hornidura sarea

Gipuzkoako Ur Kontsortzioaren uraren ziklo osoaren kudeaketarako hitzarmena ere onartu zuten, aho batez. Hitzarmenak hamabost urteko iraupena izango du eta kontsortzioa arduratuko da, aurrerantzean ere, uraren ziklo osoaren kudeaketaz, alta eta bajako sareen kudeaketaz, uraren horniduraz, saneamenduaz eta inbertsio eta hobekuntzak aurrera eramateaz. Hitzarmen berria izenpetzean, 2,8 milioi euroko kanona jasoko du udalak, ordainketa bakarrean, mantenu lanetarako edota ur hornidura sareari lotutako azpiegitura-obrak egiteko.

Datozen hamabost urteetan, udalak, obra ezberdinetan 4,2 miloi euroko inbertsioa egitea aurreikusten duela adierazi du Patxi Amantegi EAJ-ko zinegotziak. «Kasu batzuetan kontsortzioak egiten ditu obrak bere osotasunean, eta beste kasu batzuetan, udalak egiten dituen obretan kontsortzioak dagokion zatia egiten du», argitu du.

Azken bilkuran, Xarles Iturbek (EAJ), Nerea Letamendiak utzitako zinegotzi kargua hartu zuen. Gainera, udaleko zinegotzien arduraldiaren araubidea aldatzea onartu zuten; aurrerantzean, Lurralde Batzordeko zinegotzi arduradunak nahiz Herritarrak arlokoak %50eko arduraldia izango dute. Honi lotuta, Kristina Pelaezek (EH Bildu) «gardentasun handiagoa» eskatu zuen. Amaitzeko, aho batez onartu zuten 2022rako udal langileen eta arduraldiz aritzen diren udalbatzako kideen ordainsariak %2 igotzea.

Langileen egutegi berria

Azken osoko bilkuran, Kristina Pelaezek langileen egutegi berriaren inguruan EH Bilduk dituen zalantzak helarazi zituen. «Oporrak hartzeko araubidea berraztertzea eta UDATEko langileen ostegun arratsaldeko zein zubietako lan orduen afera argitzea eskatzen dugu. Dekretu bidez ezarri zitzaien ordutegi aldaketa duela bi urte, langileekin negoziatu gabe, eta honen konpentsazioa oraindik argitzeko dago», esan zuen Pelaezek.

Langileen lanpostuen balorazioaren prozesuan «murgilduta» daudela erantzun zion Olatz Peon alkateak. «Udaleko lanaren jarraikortasuna bermatzeko aldatu da egutegia. Oporrak antolatzeko hiru zati ematea bada aukera nahiko malgua, baina begiratu liteke. Orain abiatuko da negoziaketa, baina langileen balorazioa kanpoko enpresa batek egiten du», gaineratu zuen.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!