Azaroaren 18a zen, osteguna. A25eko aldarriak girotzen hasteko, lehen pankarta jarri genuen Zerkausian, Euskal Herrian 2003. urteaz geroztik eraildako 112 emakumeen izenak bertan idatziz. Esan gabe doa, behar bezala bideratuak zirela, ordurako, Tolosako Udalari aurrez eskatu beharreko baimenak.
Eta iritsi zen azaroaren 25a. Josi ziren agendak egitarauz, eta mezu ofizialak hitz potoloz. Irten ginen kalera, eta enegarrenez eskatu genuen, betikoa: bizi egin nahi dugula, alegia. Eguraldia eta aterkiak gora-behera, guztia espero bezala zihoan, harik eta, hurrengo egunean, azaroaren 26an, Tolosako Udaleko Berdintasun Sailaren ohartarazpen bat jaso genuen arte: eraildako 112 emakumeen omenez zintzilikatutako pankarta kentzera zihoazela. Antza, Eguberrietako argiak jartzeko lanetan hasiak ziren eta, gainera, alkateak zenbait kexa jaso omen zituen, herria zikin zegoela argudiatuz. Asanbladaren izenean, gauza bakarra eskatu genuen: asteburua pasatu bitarte, behintzat, mantendu zezatela pankarta bertan. Ba, ez, berandu zen.
Ez genuen gure saiakera bere horretan utzi eta, larunbatean, azaroak 27, taldeko hiru kidek brigadako langileekin hitz egin zuten, 08:00etarako: haiek ez zuten pankartaren berririk, ezta ezer kentzeko agindurik ere. 09:30erako, ordea, norbaitek kendua zuen, artean egoera onean zegoen pankarta.
Haserrea, harridura eta inpotentzia nahastu zaizkigu kontu honekin, eta galderak baino ez zaizkigu sortu. Izan ere, nori molestatzen ote dio pankarta horrek? Noren kexak jaso ditu alkateak? Nola neurtzen da kexa batzuen eta aldarri kolektibo baten arteko oreka? Eta, azaroaren 25aren biharamunean pankarta kentzeko aginduaren presa hori? Non daude puntu moreak, eta non indarkeria matxista gaitzesteko eta gaiaren bueltan pedagogia egiteko asmoa? Kontu honekin guztiarekin, guk ez dugu inon ikusten.
Idatzi honekin, gertatutakoa plazaratzearekin batera, nahi genuke, behinik behin, itzul diezazkigutela mimo handiz egindako pankarta eta haren aldamenean jarritako asanbladaren banderola. Eta, batez ere, zera nahi genuke: indarkeria matxistaren aurkako eta berdintasunarekiko benetako konpromisoa, Tolosako Udalaren aldetik, horrek dakarren guztiarekin. Puntu more batzuk baino askoz ere gehiago gara.
Tolosako Asanblada Feminista.
Itzea Urkizu, Maixabel Olazar eta Begoña Aldalur