Gutuna

Zatoz kalera  uztailaren 17an!

Erabiltzailearen aurpegia Nekane Txapartegi, Asteasu 2021eko uztailaren 15a

Mendeetan zehar jazarri dute patriarkatua gu menperatzeko, errepresio politikoa herria zanpatzeko eta salbuespen legeak presoak deuseztatzeko. Sakabanaketa mendeku politikak, Euskal Herriarekiko atxikimendua moztuz, presoak zigortu eta kontrolatzeaz gain hauek desagerraraztea izan du helburu.

Bakartuta eta baldintza ankerretan errazagoa baitzaie subjektu politiko bezala gu ahultzea. Emakume* presoen kasuan sakabanaketa geografikoari sakabanaketa eta zigor patriarkala eransten zaizkiolarik. Gizonek gizonentzat eginiko espetxeetan, ez da nahikoa gure ideiengatik zigortzea, kartzelak helburu erantsia du gu heteropatriarkatu arrazistaren esaneko eta otzan bihurtzea.

Salbuespen legeak arau bihurtuta, presoon eskubideak ukatuz, giza eskubideen instrumentalizazio politikoa eguneroko bihurtuz bide egin du espainiar aparatu errepresiboak munduan zehar. Biolentziaren monopolioaz, torturak sistematikoak izan dira eta torturatzaileen zigorra erabatekoa. Eskubideak borondate politikoaren arabera aplikatuz eta interes politikoen menpe euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideak edonon urratzen dira. 
Frankoren oinordeko Auzitegi Nazionalak legearen interpretazio ankerra eginez, euskal preso politikoez beteta mantentzen ditu espetxeak. Irabazi eta galtzaileen eskeman, heriotza zigorrera kondenatuz larriki gaixo dauden presoak eta haien senideak errepideetan bisitetan. 

Politika hiltzaile horri, zigor patriarkala eransten zaio emakumeon* kasuan. Komisariatan gure emakume gorputzak gudu zelai bihurtu eta espetxeetan gorputzak kontrolatuz. Gure aurkako jazarpen politikoak jite sexista du. Atxiloketatik hasi, tortura sexistekin jarraituz eta bera babesten duen justizia patriarkaleraino.
Oraindik lurperatuak eta desagertuak bilatzen ari garenean, hasi gara hasi torturak itzaletik argitara ateratzen. Memoria historikoan ezabatu nahi duten aldea kontatzeko osatzen. Ageri dira Espainiako eta Frantziako estatuetako ziega grisetan argi izpiak, ihesetik gertuago sentitzen etxea, deportaziotik/deserritik ibilian jarraitzen duen herria entzuten... Pozgarriak dira ematen ari diren pausoak, baina oraindik asko dago egiteke. 

Sakabanaketaren mapan desagertu da Andaluzia. Puntu nimiño bat mapan, min eta ondorio latz ikaragarriak euskal bihotzetan. Mapa hori husteko ordea, ez da nahikoa gobernuan nor dagoenaren borondatea. Eskubide politiko eta zibilak ezin dira tonbola bihurtu. Gaur Andaluzia hustu eta bihar Zürichen norbait espetxeratu edo 13/13 prozesuko epaituak kartzelan bukatu.

Horregatik, bete dituzue mendi, kale, herri, hondartza... Ibilian ibilian dinamikaz, preso, deportatu eta iheslarien etxerako bide orrian. Giza kate, mosaiko eta manifestazio saretu dituzue presoen aldeko dinamikak eta batu indarrak. Gizarteak mobilizatu behar du estatu zapaltzaileen inmobilizazioa apurtzeko. Gizartea mobilizatu da eta are gehiago mobilizatu behar da preso, iheslari eta deportatuen etxeratzeak atzerapausorik izan ez dezan. 
Ibilian ibilian dinamikak etxerako bidea markatzen duen bide orri batean oinarritu nahi ditu bere urratsak. Bide luzea da eta urrats sendoak eman behar dira. Mugimendu hauek esperantza sortu badute ere, aurrera begira urrats eta baldintzak errotu behar ditugu espetxeak hustu eta berriro ez betetzeko. Etxerako bidean baldintzak eta legeak ezin dira Madril eta Parisetik ezarri, baldintzak guk jarri behar ditugu bakeaz eta bizikidetzaz ari bagara.
Iheslariok eta deportatuok mapan azaldu nahi dugu, baina ez sakabanaketaren mapan, askatasunarenean baizik!
Azken ibilbidea askatasuna dugulako, zatoz kalera uztailaren 17an! Dabilen herriari espetxerik ez!

Nekane Txapartegi, Asteasu

Erlazionatuak

"Izan gaitezen ibiltari etxerako bidean"

Eneritz Maiz Etxarri 2021 uzt 06 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!