"Izan gaitezen ibiltari etxerako bidean"

Eneritz Maiz Etxarri 2021ko uzt. 6a, 09:59

Sarek antolatuta Izan Bidea dinamikari bultzada bat ematera datorrela Ibilian Ibilian Etxerako Bidean dinamika ibiltaria esan dute. Datozen hamabost egunetan Tolosaldeak jasoko du dinamika mugikorraren erreleboa, eta hilaren 18ra bitartean ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean. Ibilian Ibilian Tolosaldea urdinduz ekimena hilaren 17an izango da, eta eskualdeko herri guztietatik oinez edo bizikletaz bidea egiteko aukera izango da, guztiek Alegian bat egiteko.

Izan Bidea dinamikaren barruan, milaka euskal herritarrek pasa den hilabetean Euskal Herriko tontorrik ezagunenak igo zituzten Sarek deituta. Preso eta iheslarien etxeratzearen alde, eta elkarbizitzaren eta bakearen alde egin zuten ekimena, hain zuzen ere. "Inoizko mendi igoera bateratu handienean argi azaldu genuen urratsak emateko prest gaudela", esan dute Saretik. "Maldan gora edo behera, baina guztiok batera egoera honekin behin betiko amaitzeko", adierazi dute.
 
Azken astean, "pozez" hartu dutela argitu dute Andaluziako espetxeetatik egin diren azken leku aldatzeen iragarpena. "Zalantzarik gabe, albiste honek eta orain arte egin diren leku aldatzeek senideek bizi duten zama arintzen dute", gaineratu dute. Honela, urrutien dauden espetxeak atzean utzi dituztela azpimarratu dute, "preso guztien gerturatzea ahalbidetuz". "Euskal presoek jasaten duten salbuespenezko espetxe politika hau amaitu dadin, ordea, oraindik asko dago egiteko", ekarri dute gogora.  Honenbestez, Izan Bidea dinamikari bultzada bat ematera datorrela argitu dute Ibilian Ibilian Etxerako Bidean dinamika ibiltaria.
 
Debabarrena eta Debagoienan hasitako ibilbideari, Buruntza eta Goierrik eman diote jarraipena, eta datozen hamabost egunetan Tolosaldeak jasoko du dinamika mugikorraren erreleboa. Beraz, atzotik hasi eta hilaren 18ra bitartean ekimen ezberdinak antolatu dituzte eskualdean.  
 
Hilaren 16an, musikari egingo diote tartea. Anoetan izango da, eta 19:00etan hasita Onkixin eta Basagain taldeek kontzertua eskainiko dute.
 
Hilaren 17an, berriz, eskualdea batuko duen Ibilian Ibilian Tolosaldea urdinduz ekimena gauzatuko dute.  Alegian amaituko da ekimen mugikorra, eta adar ezberdinak aterako dira eskualdeko herri ezberdinetatik. Bizikletaz edota oinez egin daiteke bidea, eta Aiztondo, Ikaztegieta, Lizartza, Berastegi eta Tolosaldeko herrietatik igaroko diren zutabe ezberdinetan parte hartzera gonbidatu dituzte Tolosaldeko herritarrak. 12:30ean elkartuko dira guztiak, Alegian.

Aipatu diren bi ekimen horiez gain, hamabost egun hauetan ere beste zenbait dinamika burutuko dituztela aurreratu dute Saretik, eta adi egoteko deia luzatu dute. 
 
13/13 sumarioa, Julen Zelarain


Bide batez, Julen Zelarain billabonatarra epaitua izango den 13/13 sumarioaren epaiketa salatzeko antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia ere luzatu dute Saretik. Kasu honetan, bihar, hilak 7, 19:00etan Amasa-Villabonako Gurea aretoan burutuko den hitzaldira joateko eskatu dute. Horrez gain, hilaren 10ean, larunbatean, Donostian Saguestik 12:00etan irtengo den mobilizazioan parte hartzeko deia egin dute. 

"Elkarbizitzaren eta bakearen alde; konponbidearen alde; eta preso eta iheslarien etxeratzearen alde bidea izan nahi duten guztiok gonbidatuta zaudete", azpimarratu dute. Beste behin, urratsak ematen jarraitzeko asmoa dutela esan dute, eta "ibilian-ibilian bidea egiten jarraitzekoa". Tolosaldea ere parte izatea nahi dute: "Izan gaitezen aldaketa honen bultzatzaile. Izan gaitezen ibiltari etxerako bidean".

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!