Gutuna

Inauteriak, gureak ere badira

Erabiltzailearen aurpegia Tolosako Asanblada Feminista 2021ko ots. 16a, 16:58

Aurtengo karteleko zati bat

Tomas Hernandez Mendizabalek 2021eko Tolosako inauterietarako sortu duen kartelaren harira, Tolosako Asanblada Feministaren gutuna:

Egun arraroak izaten ari dira hauek, tolosarrontzat: festarik gabeko inauteriak. Barruan sentitu, baina ukitu ezin ditugunak. Eta, hain justu horregatik, ez genuen pentsatuko, hasi berri dugun urteak testu hau idatzi beharra ekarriko zigunik. Duela egun gutxi, ordea, harriduraz jaso dugu Tomas Hernandez Mendizabalek 2021eko Tolosako inauterietarako sortu duen kartela.

Artistak urtero udalari egiten dion oparia edo dohaintza izaten da kartela, eta Hernandezen hamarkadatako lanak laudorio bezainbeste kritika jaso du, kartela egiteko aukera beste sortzaileei ere zabaltzea eskatu izan dutenen ahotik. Gaur, dena den, bestelako argudioak mahai gaineratu nahi genituzke guk.

Txalaparta-jotzaile bikote batek hartu du, aurten, Tomas Hernandez Mendizabalek diseinatutako kartelaren erdigunea; haien inguruan daude, ohiko izenburu eta datak. Txalapartak gure herriko inauteria zuzenean ordezkatzen ote duen edo ez duen eztabaidatu gabe, diseinuari begiratzen dion edonork identifikatuko ditu, bertan, bi gizonezko, txapela jantzita. Kartelaren erdigunean eta, ondorioz, inauterien erdigunean. Berriro.

Opariak opari, ez da onargarria gisa horretako lan bat Tolosako inauterietako kartel ofiziala izatea. Hasteko, ez du Tolosako biztanleriaren erdia ordezkatzen eta, sinbolikoki bada ere, emakumeoi enegarrenez ukatzen digu festaren erdigunea hartzea.

Diseinu horrek ez ditu lan feministaz eraldatzen ari diren festarako molde zaharkituak erreproduzitu besterik egiten; proposamen atzerakoia eta baztertzailea da.

Gainera, kartel hori herritarren artean banatzea, ez da bateragarria udala inauteri berdinzale batzuen alde sortzekoa den behatoki bat martxan jartzearekin. Berdintasun irizpideek nahitaezko abiapuntu izan behar dute, herriko edozein jarduera eta hitzorduren bueltan.

Egiari zor, nekatuta ari gara lerrootan behera. Noiz arte jarraitu behar dugu, horrelakoak ikusi eta asaldatzen? Noiz arte, honezkero praktika automatiko behar luketen erreakzioak eskatzen? Udal agintarietako inori ez al zaio lotsaren alarma piztu, lan baztertzaile hori ikusitakoan? 2021. urteak ekarri dizkigu gure lehen ez-inauteriak, baina, kartelari begira, aurreko mendera egin dugu salto, gutxienez.

Aitortu behar dugu, sinestezina zaigula, garaiotan, aldarri hauek guztiak plazaratu behar izatea. Hala ere, behar adina alditan exijituko dizkiogu udalari, benetako zeharkakotasun eta politika feministak: aurrera begira, ezar ditzatela inauterietako kartela sortzeko parekidetasun irizpide argiak, eta betearaz ditzatela zorrotz.

Inauteriak, gureak ere badira!

Tolosako Asanblada Feminista

 

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!