Jokin Gorostidi Artola hobeto ezagutuz

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Aizpurua Egaña. Burgosen auzipetua 2020ko abe. 4a, 07:58
Bi heriotza zigor ezarri zizkioten Jokin Gorostidiri Burgosko prozesuan. Militante tolosarra artxibo irudi batean. ATARIA

Itziar Aizpurua Egaña naiz, eta hitz xume batzuk zuengana ekartzeko asmotan natorkizue, hobeto ezagutu dezazuen zuen herritar laua izanik, handia hitzez eta ekintzez: Jokin Gorostidi Artola.

1977an, euskal herritarren borroka latzei esker, euskal preso politiko guztiak kartzelatik atera gintuzten. Horien artean Tolosako herriko semea, Jokin Gorostidi Artola, Rondilla kaleko 14. zenbakia duen etxeko 3. solairuan jaioa, 1944an. Ama, Kontxita, Ugarte-Amezketako Agina baserrikoa zuen, eta aita, Inazio, Urkizuko Etxeberri baserrikoa. Biak hil zitzaizkion 1970eko otsaila eta apirilean.

Jokin, hamalau urte betetzear zituela, EMUAn sartu zen lanera, eta bertan, inguruko metalgintzako langileriaren aldeko lanari ekin zion, gogotik. Bere gain ardura inportanteak hartu zituen, lankideen eskutik.

1967an, Urkizura propaganda egin eta jasotzera joanda, Guardia Zibila atzetik zuela alde egin zuen menditik zilipurdika. Ordurako, ETAko militante zen, Euskal Herri aske baten alde Independentzia eta Sozialismoa eraikitzen, Francoren erregimenaren kontra eginez. Garai horretan elkar ezagutu genuen, eta neuretzat zela garbi jakin nuen, beraz, ordutik 2006ko apirilaren 25era arte, zendu zen arte, elkarrekin ekin diogu bideari, beti helburu berberaz, unean uneko estrategia egokituz.

1969an atxilotu gintuzten Deban. Hamazazpi egun torturapean igaro genituen Donostiako gobernu zibilean. Indarrak urri baina maitasuna eta duintasuna gainezka zela eraman gintuzten Martutenetik Burgosera.

Urtebete beranduago, abenduaren 3an, ezaguna egin zen Burgosko prozesua deiturikoa, gerra kontseilu guztiz sumarioan epaituak izan ginen beste hamalau kiderekin batera. Tribunal militarrak Jokin tolosarrari bi heriotza zigor ezarri zizkion abenduaren 28an, beste bi kideri bezala, eta gainontzeko lauri heriotza bana, bederatzi heriotza zigor guztira.

Euskal Herria gailendu zitzaion tinko tribunal militar hari, zintzo, indar eta maitasunez blai, eta bere atzaparretatik kendu zizkion bederatzi heriotza zigorrak. HERRIA da beti nagusi!

1978ko hasieran Tolosako zezen plaza aurrean, Oria kalean, bizitzen jarri ginen. Bizitza berria, eta herri berria niretzat. Izugarrizko ilusioaz. Jokin Ugarolan lana zuen, neu lan-bila musika inguruan, goi-mailako ikasketak nituen. Eta, Herri Batasuna jaio berrian sartu ginen. Tolosako zerrendaburu izan zen Jokin udal hauteskundeetan, 1979ko apirilaren 3an. 1980an utzi egin behar izan genuen Tolosa Herri Batasuna barruan ardura handiagoak hartu beharra baitzegoen. Jokin bertako lehen Mahai Nazionala edo zuzendaritzako kide izan zen beste hamaikarekin batera, eta Bilbora joan-etorri ugari egiten genuen. Debara joan ginen bizitzera.

Pena handiz utzi nuen Tolosa. Gustura sentitzen nintzen bertan, nahiz itsasorik izan ez. Maitasunez blai bizi izan nuen bertan igarotako urte eta erdia; hegan bezala. Izan ere, gure habia zen. Lehendabizikoa hainbat urteetan.

Tolosako ospe handiko inauteriak bizi izan nituen lehendabizikoz 1978an, Aitz Orratz elkartearekin, Jokin bertako kide izan baitzen. Sekula horrelako festarik ezagutu gabekoa nintzen!

Beti esan ohi diot Jokini, barruko herriren bat aukeratzekotan bizi ahal izateko, Tolosa litzatekeela inongo zalantzarik gabe herririk aproposena. Ederra da, zabala, eta inguru zoragarria dauka. Tolosaldea bezalako bailara nekez bila dezake mendia gustuko duenak. Amezketatik, Tolosako, eta bertako lagunekin igo nintzenean lehen aldiz Balerdira, ez dut inoiz ahaztuko. Abuztuko ama birjin eguna. Xanpaina eraman zuten ospatzeko! Aralar eta bere Malloak maitatzen Jokinek erakutsi zidan. Hori izan da beti gure opor tokia.

Orain, ahal dudanean, norbaiten laguntzarekin, Intzako Dorrera joaten naiz Jokinekin solasean aritzeko. Eta, egunero, Kantauri itsaso aurrera joaten natzaio Deban, musu ematera. Bietan daude bere errautsak.

Deban, 2020ko azaroaren 22an

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!