Ibaiak guk bezalaxe eskubideak ditu

Erabiltzailearen aurpegia Gorka Alberdi eta Asier Manso, Eguzki erakunde ekologista 2019ko ots. 12a, 08:59

Duela aste batzuk Atarian argitaratu zen Itsasoan gertatzen dena, gure etxe parean hasten da gutuna, eta honek lotura zuzena dauka hausnarketa harekin. Ikus genezakeen bezala, hondakin mordo bat pilatuta zegoen Oria ibaian,Tolosa herrian, Armeria plazatik oso gertu.

Dakigunez, azken urteetan, hau komunikabide batzuek argitaratu zuten, eta haien artean Atariak ere bai, Tolosako udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, AZTIK eta Ekolurrek izokinak askatzen dituzte leku berean, Arrainen Migrazioaren Nazioarteko Egunean, eta guztiz txalotzekoa da. Hori horrela, uste dugu horrelako zikinkeriak egotea ezin dela berriro gertatu.

Ezin dugu birpopulatu, eta aldi berean, hondakin horiek uraren bidez ibaian sakabanatu, azkenean, guztiek itsasoan buka dezaten. Kontraesan handi bat dago.
Zabor hauek zuzenean bota zituzten ibaira, eta esan dugun bezalaxe, dagoeneko hondakin horiek ez daude bertan, urak eraman dituelako. Hondakinak eta zaborrak ez daude gure zain, uraren menpe baizik, eta horrela gertatu da berriro ere.

Eguzki taldekook beti esan izan dugu ibaiak plastikozko autobideak direla, eta hemen froga dugu, eta gutunean idatzita daukaguna bete  egin da. Zoritxarrez, sinesgarritasun osoa ematen dio.

Geroz eta gehiagotan ari gara ikusten eta entzuten itsasoan geroz eta plastiko eta zabor gehiago dagoela, eta kalte izugarriak ari direla sortzen. Horrelako jarrerak, ibaian hondakinak ikusteak, ez du ezertan laguntzen, alderantziz, sekula ez dugu jakingo zenbat kilo hondakinek bukatzen duten itsasoan jokabide hauen ondorioz, eta ondo egongo litzateke herria geroz eta kontzienteago izatea.

Tolosako Udalari eskatu diogu, alde batetik, jendea hezi dezala, kontziente izateko ibaia gorputz bat dela, eta guk bezalaxe eskubideak dituela, eta bestetik, lehenbailehen, halako jokabideak eragozteko neurriak har ditzala.

Horrez gain, garbi azaldu dezala onartezina dela gaur egun edozer botatzea ibai eta erreketara. Herritar guztiak daude behartuta hondakinak dagozkien tokira eramatera, horretarako herrian zehar dauden eduki-ontzien bidez. Ez dago gertaera honen inguruko justifikaziorik, denon eskubideak urratzen ditu. Mezua honen bozgorailua izan beharko luke.

Dagoeneko, Tolosako udalari gure kezka helarazi diogu, eta zer erabaki hartuko duen erantzuteko zain gaude.
Abagune polita dauka Tolosako Udalak esku artean. Ezer ez galtzeko, eta dena irabazteko daukagu.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!