Hemengo hedabideek ez digute horretarako aukera gehiegi ematen. Jendeak barneratu behar luke itsasoko irudi horiek gureak ere badirela, eta arazoa gainditzera beharturik gaudela. Hori izan behar luke hedabideen lana. Baina esaten digute itsasoko milaka kilo hondakinen arazoa globala dela. Horrek ez du batere laguntzen, askoz gutxiago Indiaz hitz egiten digutenean. Bertoko erakundeek ere gaitz honen aurrean ez dituzte beharrezko neurriak abian jartzen. Ez gaituzte hezten.
Zenbat ubide, erreka, ibai eta haien ertzak ikusten ditugu, plastiko zuri eta beltzez edo beste motako hondakinez josita. Zenbat aldiz gelditzen gara ibaiari begira eta zenbat aldiz ikusten dugu plastikoak eta beste motako hondakinak bere bidea hartuta, itsasorantz txalupak bezala doazela. Holako irudiak parean izatean garbi gelditzen zaigu ez herritarrek eta ez erakundeek ez diotela gaiari behar duen garrantzia ematen: ez gara ohartzen ingurumenarekin arazo handia dugula. Baina sinetsita gaude, ingurua eta ibaiak holaxe ikusita, behartuta gaudela haien egoera aldatzera, horregatik ezin gara isilik geratu. Ezin da onartu itsasoak jasaten duen kutsadurarekin gora eta behera ibili, eta aldiz, ibaien egoeraz ezer ez esatea, harreman zuzena baitauka han gertatzen denarekin. Hondakinek ez dute dagokien edukiontzian edo lekuan amaitzen, edozein bazterretan baizik. Hor dago gakoa: kudeaketa arazo baten aurrean gaude.
Ubideak, errekak, ibaiak… itsasoaren zainak dira eta hemen gertatzen dena gero itsasoan islatzen da. Berriro errepikatuko dugu: itsasoan gertatzen dena gure etxe parean hasten da. Zalantzarik gabe beste kontzientzia maila batera igo behar dugu. Oso lasai ikusten ditugu gure ibaiak zikinduta; bi edo hiru urtez behin garbiketa egin eta ehunka kilo ateratzen ditugu. Hondakinak eta zaborrak ez daude gure zain, uraren menpe baizik, ehunka kilo ateratzen badugu milaka itsasoratzen dira urak eramanda.
Barneratu behar dugu hondakinek ibaian amaitzea arazo bat dela eta ingurumenari kalte handiak sortzen dizkiogula.
Udalek eta foru aldundiek sentsibilizazio kanpainak eta neurriak abian jarrita, eta horiek denboran mantenduta, aldaketa handia ekar dezakete. Beraien eskuan dago eta beraien betebeharra da. Dena daukagu irabazteko, keinu txikiekin handiak izan daitezke lorpenak.
Beraz, badakigu arazoa non hasten den, hondakinak ibaira eta itsasora nola ailegatzen diren ere bai… Orduan, bide gehiena eginda daukagu. Benetan itsasoren egoerak mintzen bagaitu eta hortik iristen zaizkigun irudiak aldatzea nahi badugu, eman dezagun urrats bat aurrera. Has gaitzen itzultzen ibaiari kendutako eskubideak.