PLATERAZ HARAGO

Posible ote da errurik gabeko iraila?

Erabiltzailearen aurpegia Sara Gonzalez Gomez

Irailak «urtearen astelehena» dirudi. Oporrak amaitu, lanera edo ikastetxera itzuli, errutinak berreskuratu… Eta, horrekin batera, udako «gehiegikeriak konpentsatzera» gonbidatzen gaituzten mezuak nonahi: detox planak, mirarizko dietak, 21 eguneko erronkak edo pisua galtzeko programak. Badirudi uda gozatu izanak ordain bat eskatzen duela. Baina benetan hasi behar al dugu iraila geure burua zigortuz?

Udako hilabeteetan aldatu egiten da gure egunerokoa: ohikoagoa izaten da etxetik kanpo bazkaltzea edo afaltzea, ospakizunak ugaritzea, ordutegiak malgutzea, lo egiteko erritmoa aldatzea edo jarduera fisikoa beste modu batean egitea. Aldaketa horiek ez dira hutsegite baten ondorio; bizitzaren eta sasoiaren parte dira. Irailean, aldiz, ohikoa da otorduak «konpentsatzen» saiatzea: gosaria saihestea, afariak kentzea edo elikagai batzuk erabat baztertzea. Estrategia horiek, ordea, normalean ez dute epe luzerako emaitzarik ematen; kontrara, gosea handitzea, janariarekiko kezka areagotzea eta ondoren antsietatez jatea eragin dezakete. Horregatik, nutrizioaren ikuspegitik gero eta gehiago sustatzen dira erregulartasunean, malgutasunean eta ohitura iraunkorretan oinarritzen diren pautak.

Urtean zehar ez dira berdinak izaten norberaren gosea, asetasuna, energia-beharra edo jarduera-maila, eta, gorputzak horretara etengabe egokitzeko gaitasuna dauka. Esan gabe doa, fisiologikoki normala dela gorputzaren pisuan edo konposizioan gorabeherak izatea. Izatez, askoz gehiago dira gure osasuna baldintzatzen duten faktoreak, horien artean, behar adina deskantsatzea, estresa kudeatzea, ariketa fisikoa egitea, harremanak zaintzea, askotariko elikadura izatea eta otorduez gozatzea. Osasuna eguneroko ohitura askoren emaitza da, ez baskulan agertzen den zenbaki bat, ezta urte osoan gorputz berdina mantentzea ere. Izan ere, helburu hori etengabe bilatzeak, estresa, frustrazioa eta elikadurarekiko harreman zurrunagoa susta ditzake.

Iraila, beraz, aukera ona izan daiteke geure buruari beste galdera batzuk egiteko: «Nahikoa deskantsatzen ari al naiz? Berreskuratu al dut loaren errutina? Etxean gehiago kozinatzeko tartea daukat? Eguneroko otorduak lasaitasunez egiten ditut? Energia nahikoa sentitzen al dut? Ariketa fisikoa egiten ari naiz nire ongizatea hobetzen duelako?».

Galdera horiek ohitura osasungarriak berreraikitzen lagun dezakete. Eraginik handiena, askotan, aldaketa txikiek izaten dute epe luzera: otorduen ordutegien egonkortasuna berreskuratzea, hozkailua elikagai freskoz eta oinarrizkoz hornitzea, posible den heinean etxean janari gehiago prestatzea edo ondo sentiarazten gaituen jarduera fisikora itzultzea. Ez da perfekzioa bilatzea, baizik eta gure testuingurura hobekien egokitzen diren ohitura errealistak eraikitzea.

Eta ez pentsa elikatzeko modu perfekturik dagoenik. Elikadura osasungarria ez da elikagai batzuk debekatzea edo udan egindakoa «desegiten» saiatzea; malgutasuna, oreka eta jarraikortasuna dira, oro har, osasun-ohituren oinarria. Horregatik, askoz ere erabilgarriagoa da gure egunerokora egokitzen diren ohitura txikiak eraikitzea, aldaketa handiak denbora gutxian egiten saiatzea baino. Helburua ez da aste gutxitan «ondo egitea», baizik eta urte osoan zehar mantendu ahal izatea.

Bederatzigarren hilabetea, hortaz, errutinak berreskuratzeko egokia izan daiteke, baina ez luke gorputza aldatzeko lasterketa bihurtu behar. Agian, irail honetan geure buruari egin diezaiokegun oparirik handiena ez da kilo batzuk galtzea, gure gorputzarekin dugun harremana pixka bat hobetzea baizik.

«Agian, irail honetan geure buruari egin diezaiokegun oparirik handiena ez da kilo batzuk galtzea, gure gorputzarekin dugun harremana pixka bat hobetzea baizik»

Atal honetan nutrizioaren eta nutrizio klinikoaren, osasunaren eta ongizatearen inguruan hitz egingo dugu, betiere ebidentzia zientifikoa oinarri eta elikadurarekiko harreman osasungarri, malgu eta errurik gabekoa sustatzea helburu. Horretarako, elikaduraren inguruko zalantzak argitzen, mitoak deseraikitzen eta gure osasuna modu errealista, inklusibo eta iraunkorrean zaintzen laguntzen saiatuko naiz.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!