Eguneroko objektuen musikaria

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2023ko api. 8a, 11:00
Argazkia: gipuzkoa.hitza.eus

Xavi Lozano kataluniarrak musika tresna bihurtzen ditu askotariko objektuak. Tolosako Tolofolk jaialdian kontzertu berezi bat emango du hurrengo ostegunean, apirilaren 13an, 20:00etan.

Kotidiafonista izenarekin deskribatu du bere burua. Eguneroko objektuak bere eginda, haizezko instrumentuen musikaria da. Izan liteke kaleko obretako hesietako bat; bizikleta baten gurpila; kalabazin bat; makarroi bat; makulu bat; adreilu bat… “Edozein objektu da egokia haizezko musika sortzeko”. Xavi Lozano (Badalona, Herrialde Katalanak, 1969) 1990eko hamarkadan hasi zen eguneroko objektuekin musika jolasean. “Txirulak asko gustatzen zitzaizkidala jabetuta nengoen, mota guztietako txirulak. Aurretik jota neuzkan saxofonoa, pianoa, tiblea —Kataluniako herri instrumentua, dultzainaren antzekoa—…, baina flautak atsegin nituen”.

Halako batean, izterrezurra hautsi zuen Lozanoren aitonak, 91 urterekin, eta muletaren laguntzarekin ibiltzen hasi zen. “Muleta hura ere musika tresna bat izan zitekeela esan nion aitonari, esertzeko eta entzuteko. Eta halaxe hasi nintzen. Oso soinu polita ateratzen duten objektuak daudela jabetu nintzen”. Ordurako hasita zegoen eskoletan txirulekin ikastaro hezitzaileak ematen. “Eta muleta ere ateratzen nien amaieran, zer instrumentu zen galdetzeko. Ez zela instrumentua erantzuten zidaten denek, baina harrituta gelditzen ziren ni jotzen ikustean”.

Jolas moduan hasitakoa ikuskizun bihurtu du Lozanok, eta, Euskal Herriarekin daukan lotura baliatuta —sarritan etorri izan da Donostiako Tabakalerara, Usurbilera, Irunera, Oiartzunera, Bilbora, Lekeitio eta Elorriora (Bizkaia),…—, hurrengo ostegunean kontzertu bat emango du Tolosako Tolofolk jaialdian. 20:00etan hasiko da saioa, Berdura plazan. “Laguna dut Abraham Cupeiro musikari galiziarra, hura iaz izan zen Tolofolk jaialdian, eta haren bidez jarri ziren nirekin harremanetan”.

Jarraituko irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Erlazionatuak

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!