“Oso itxura politekoa dator aurtengo Tolofolk jaialdia”. Garikoitz Llobregat Tolosako JeaJeaka kultur elkarteko kidearen hitzak dira. Herri kulturaren eta munduko musikaren jaialdia da Tolofolk, eta hurrengo ostegunean hasiko da aurtengo ekitaldia, hirugarrena, Xavi Lozano musikari kataluniarraren emanaldi “ganberroarekin”. Igandera arte, apirilaren 16ra arte, zazpi saio izango dira guztira. Tolosako Berdura plaza —”estetikagatik eta ematen duen babesagatik, lehenengo urteko aurkikuntzetako bat”—, kultur etxea, Fronton taberna eta Plaza Berria izango dira gune nagusiak. “Bestelako giro bat sortuko da azken gune horretan, tabernak-eta daudelako inguruan”. Lehen aldiz, doan izango dira aurtengo emanaldi guztiak. “Hori da gure bokazioa: horrelako kultur eskaintza bat behar du herriak, eta, ahal dela, doan”.
Llobregatek zehaztu duenez, 2020an COVID-19aren pandemia baino lehenago hasi zen sustraitzen Tolofolk jaialdia, nahiz eta garatu, pandemia garaian garatu zen. “Lagun talde baten delirio baten ondorena izan zen. Folk musika oinarri hartuta zerbait antolatu beharra geneukala pentsatu genuen herrigintzan genbiltzan herritar batzuek; kultur elkarte bat sortu genuen, eta hortik atera zen folk jaialdi bat egiteko proposamena”. Tolosako Udalera joan, proiektua aurkeztu, eta ateak parez pare ireki zizkietela gogoratu du Llobregatek.
Gaur-gaurkoz, lau pertsona ari dira lanean JeaJeaka kultur elkartearen talde eragilean. “Baina beste hamar-hamabi lagun ere aritzen dira lanean jaialdiaren bueltan. Urte guztian gauzak txukun eginez gero, ez da hainbestekoa aste honetan egin beharreko lana. Gustuko lanean ez da nekerik izaten, gainera”.
Tolofolkek indarra “herri musikari” eman nahi diola azpimarratu du JeaJeaka kultur elkarteko kideak. “Baina New Yorken rapa izan daiteke herri musika. Oso abaniko zabala daukagu, eta ezeri ez diogu aterik itxiko guk”. Tolosan folka hartu dute elkartzeko aitzakia. “Mundu guztia erreferentzia gisa hartuta, erraza da jaialdi bat antolatzea, baina buruan daukagun hori Tolosara ekartzea izaten da gero zaila”, zehaztu du Llobregatek.
Max Baca & Los Texmaniacs AEBetako taldea da adibiderik onena. “Max [Baca] lehendik hemen egona zen; guk ekarri egin nahi genituen, eta eurek etorri egin nahi zuten. Iaz egin genuen lehen saiakera, baina ezinezkoa izan zen. Aurten, ordea, aldaketa bat egin, eta ekartzeko moduan izan gara. Gure ahalbideen neurrian, gauza onak ekartzen saiatzen gara”. Apirilaren 15ean, larunbatean, ariko da talde hori, Plaza Berrian, 20:00etan. Jaialdiaren sustatzaileak lehen urtetik saiatu ziren nazioarteko taldeak erakartzen; iaz, esaterako, Mongoliako artista bat izan zen Tolosan: Yesun Erdene bakarlaria.
Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.
Egitaraua:
Apirilak 13, osteguna
- 20:00. Xavi Lozano, Berdura plazan.
Apirilak 14, ostirala
- 18:00. Joxe Manuel Agirre folklorista, musikari eta instrumentu egilearen hitzaldi-tailerra, kultur etxean.
- 23:00. Pulpiño Viasco orkestra, Frontonen. Tolosaldeko musikari edo sortzaile bat gonbidatuko du.
Apirilak 15, larunbata
- 12:00. Kalepoza. Txistulariak, txarangak, trikitilariak… Tolosan barrena.
- 18:30. Obaneuke, Plaza Berrian.
- 20:00. Max Baca & Los Texmaniacs, Plaza Berrian.
Apirilak 16, igandea
- 19:00. Juan Mari Beltran laukotea, Berdura plazan.