Erreportajea

Jaien atariko “gustuko eromena”

Erabiltzailearen aurpegia Unai Zubeldia 2022ko otsailaren 18a

Jaurlaritzak larrialdi egoera bertan behera utzi eta gero, otsailaren 24an hasiko dira inauteriak hainbat herritan. Tolosan "korrika eta presaka" ari dira prestaketa lanetan.

Inauteriak izan, izango dira azkenean, eta hori jada bada nahikoa albiste. Eusko Jaurlaritzak joan den astean, ostegunean, jakinarazi zuen amaitutzat jo duela osasun larrialdi egoera; larunbatean argitaratu zuen neurriak arintzea agindu zuen dekretua; eta astelehenean sartu zen indarrean, ostegun gizena baino hamar egun lehenago —otsailaren 24an lehertuko da festa—. Ondorioa? Inauterietarako inoizko prestaketa lanik bizienean murgilduta dabiltza herri eta herritar asko eta asko.

Horietako bat da Isitxo Larrañaga tolosarra. Tolosako karrozen elkarteko kidea da —Ero Etxe elkarteko kidea ere bada—, eta bilera bat amaitu eta hurrengoa hasi, horrela dabil azken egunotan. “Erotzekoa izaten ari da”, aitortu du. “Baina gustuko eromena da hau. Korrika eta presaka ari gara dena antolatzen, eta estu samar gabiltza, baina merezi du”. Larrañagak onartu du “beste modu batera” baina lehendik ere herritar asko “zerbait” prestatzen hasita zeudela. “Inauteriak ez dira udalarenak, herritik eta herriarentzat sortutakoak dira, eta inork ezin ditu utzi bertan behera; udalaren egitarauarekin edo egitaraurik gabe, baina beti izango dira inauteriak”. Dena den, debekurik gabe jaiak “askoz hobeto” ospatuko dituztela aitortu du.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!