Festarako giro gutxi Aralarren

Erabiltzailearen aurpegia Miren Garate 2021ko api. 30a, 11:58

Enirio-Aralar mankomunitatearekin harremanak etetea erabaki dute Aralarko Baserritarren Elkarteak, EHNEk eta Enbak. Ordenantza bat dago gatazkaren muinean. Hura bete baino ez duela egin dio erakundeak.

Hasita daude ganadua mendira botatzen Gipuzkoako hainbat txokotan. Urte askoan, maiatzaren 1ean egin izan da Aralarko larreen irekiera ofiziala ere, Larraitzen (Abaltzisketa), festa giroan. Enirio-Aralar mankomunitateak emandako datuen arabera, 17.048 ardi, 938 behi eta 717 behor dira igotzekoak aurten, baina ez da ospakizun ekitaldirik egingo, pandemiagatik. Bestela ere, giroa ez dago festarako, Aralarko Baserritarren Elkarteak eta EHNE eta Enba sindikatuek mankomunitatearekin dituzten harremanak etetea erabaki baitute, azken erakunde horrek baserritarrei “bizkar” ematen diela iritzita. Martxoaren amaieran eman zuten erabakiaren berri, eta Aralar erabiltzen duten 134 abeltzainetatik 109ren adostasunarekin hartua izan dela esan dute.

Egoerak”atsekabea” eragiten diola adierazi du Adur Ezenarro Ordiziako alkate eta mankomunitateko presidenteak, baina, tokiko erakunde bat direnez, arauak bete egin behar dituztela nabarmendu du. Hain zuzen ere, ordenantza bat dago oraingo gatazkaren muinean. Haren arabera, ustiategia mankomunitatea osatzen duten hamabost udalerrietatik kanpo dutenek ezin dute ganadu larririk igo Aralarrera, baina bai ardiak —Abaltzisketa, Altzaga, Arama, Ataun, Amezketa, Baliarrain, Beasain, Gaintza, Ikaztegieta, Itsasondo, Lazkao, Legorreta, Ordizia, Orendain eta Zaldibia dira herriak—.

Ordenantza hori aurreko legegintzaldian onartu zuten, eta 2017an argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. Azken urteotan ez da zorrotz bete ustiategiaren kokalekuari dagokion baldintza, eta badaude urte askoan ganadua eraman duten mankomunitatez kanpoko baserritarrak. Urte hasieran, ordea, 11 baserritarrek gutun bat jaso zuten, esanez ezingo zutela eskatutako ganadu kopururik eraman aurten mendira.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!