"Aralarko abeltzainek ez dute maiatzaren 1ean ezer ospatzeko"

Ataria 2021eko apirilaren 30a

Enbaren ustetan, beharrezkoa da mendiko irisgarritasuna eta lanerako baldintza duinak izateko gutxienekoak diren bideak mankomunitatearen lehentasunen artean kokatzea.

Maiatzaren 1ean Larre Irekiera ekitaldia hartu ohi du Larraitzek, "abeltzaintzak mendiari eta mendiak abeltzaintzari egiten dien onuraren berri gizarteari jakinarazteko". Aurten, baina, ez dagoela zer ospatu esan du Enbak: "Aralarrera igotzen diren abeltzainak gutxietsiak sentitzen dira Enirio-Aralar Mankomunitateko buruzagien aldetik bai Mankomunitateko mendian egin beharreko lanen lehentasuna ezartzerakoan, bai eta etorkizunerako ildoak finkatzerakoan".

Enbak dio Aralarko mendira igotzen diren abeltzainek, "behin eta berriro" esan dutela euren lehentasunak hiru direla: "bideak, xehaketak, txabola eta inguruko inbertsioak (ura, itxiturak, askak, ...)".Hori kontuan izanik eta azken asteotan, epaitegietan jarritako salaketen artxibatzeak ikusirik, Enbaren ustean, "behar beharrezkoa da, mendiko irisgarritasuna eta lanerako baldintza duinak izateko gutxienekoa den azpiegitura, bideak alegia, mankomunitateko lehentasunen artean ezartzea".

"Hasieran genion bezala, aurtengoan ez dugu ezer ospatzeko baina, hala ere, abeltzainak mendiratuko dira, bai mendia, bai bere aziendaren onerako. Hori bai, festa eguna izan behar zukeen egunaz baliatu nahiko genuke, abeltzainen lehentasunak gogora ekartzeko eta Aralarko mendiaren etorkizunari bidea emateko elkarlana aldarrikatzeko", esan du.

ATARIA ez da soilik komunikabide bat: komunitate baten ahotsa da, eta urte hauen guztien ondoren, zuen babesa behar dugu, inoiz baino gehiago: ATARIAk behar du Tolosaldea. Horregatik erronka bat daukagu esku artean: gure eskualdeko 28 herrietan hamarna harpidedun berri behar ditugu. Zu falta zara, bazatoz?


EGIN ATARIKIDE!