Nola azalduko zenioke publizitate munduan ez dabilen bati sari hauek zer garrantzi duten?
Osasunaren eta elikaduraren inguruko nazioarteko publizitate sariketa bat da SaludFestival. Eta zer esango dizut? Gustura hartzen dira sari guztiak; azkenean, talde lana da gurea; lan asko dago kanpaina baten atzean, eta sariak beti izaten dira ongi etorriak. Erretinosi pigmentarioa duten gaixoen Begisare elkartearentzat egindako Ikusmen murriztua dut kanpaina aurkeztu genuen sariketara, eta niretzat oso berezia da kanpaina hori.
Zergatik da hain berezia?
Urte asko daramatzagu haiekin lanean. Begisarekoak gurekin harremanetan jarri ziren, eta laguntza eskatu ziguten euren izena zabaltzeko. Laguntzeko moduko proiektu bat zela pentsatu genuen, eta lankidetzan aritu gara ordutik, musu-truk gehienetan. Bestetik, proiektu oso polita da, eta oso gustura gaude egindakoarekin.
Nola lantzen duzue halako eskaera bat iristen zaizuenean?
Proiektu bat kudeatzen dugunean, helburua izaten da elkarte baten edo enpresa baten izena edo produktua zabaltzea. Asko eragiten diogu buruari bide tradizionaletatik ateratzeko; betiko ikus-entzunezko iragarki edo prentsako iragarkiez aparte, komunikatzeko beste bide batzuk bilatzen ahalegintzen gara. Begisarek eskuak libre utzi zizkigun —normalean hala izaten da bezero gehienekin—, eta Ikusmen murriztua dut kanpaina atera zen hortik.
Kanpaina horretarako sortutako aplikazioak jaso du sarietako bat. Zertarako da aplikazio hori?
Erretinosi pigmentarioa duen jendeak osatzen du Begisare, eta haiek beti esan izan digute jendeak ez dituela ulertzen sentitzen dutela; gaitz oso minoritarioa denez, jende askok ez dakiela zer den ere. 20-30 urte artean diagnostikatzen den gaitza da: tunel baten barruan egongo balitz bezala ikusten du gaixoak, eta tuneleko zuloa estutuz joaten da poliki-poliki, itsu gelditzen diren arte. Haien lekuan jartzea izan zen gure lehen ahalegina; kono batzuk egin genituen, haiek zer sentitzen duten ulertu nahian.
Eta hori aplikazio bihurtzea erabaki zenuten?
Bai, zerbait teknologikoa egitea pentsatu genuen, eta ez bakarrik erretinosiarekin, baita ikusmenaren beste gaixotasun batzuekin ere: glaukoma, erretinopatia diabetikoa, Stargardten gaixotasuna, aniridia… Erakundeen eta enpresen atea jotzen dugu horrelakoetan, ea diru laguntzarik eskura dezakegun. Esan beharra dago Euskal Herrian enpresek-eta asko laguntzen dietela halako erakunde eta proiektuei. Kasu honetan, laguntzak lortu genituen, tartean Eusko Jaurlaritzarena eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena, eta App bat egitea pentsatu genuen. Sei bat sintoma edo gaixotasun jasotzen ditu aplikazioak, eta aukera ematen dute haiek nola ikusten duten ezagutzeko.
Bi bertsiotan dago aplikazioa. Zein da ezberdintasuna?
RV bertsioa da bat, eta bertsio normala bestea. Bertsio normalaren helburua da horrelako gaixotasunak dituzten pertsonek senideei eta gertukoei erakustea haiek nola ikusten duten; alegia, besteak nolabait ere beraien tokian jartzea. Sakelakoan ikus daiteke hori, eta interesgarria da, baina pauso bat harago joan nahi genuen guk.