Saludfestival publizitate lehiaketan saritu dute Tomas Mendizabal tolosarraren Adaki agentzia

Ataria 2018ko ekainaren 15a

Mendizabal, sariekin. Argazkia: Adaki

Sakelakorako garatutako aplikaziorik onenaren eta publizitate diseinurik onenaren sariak jaso ditu. Erretinosi pigmentarioak Gipuzkoan eragindakoen Begisare elkartearentzat garatu ditu bi lanak.

Tomas Mendizabal tolosarrak zuzentzen duen Adaki Komunikazio eta publizitate agentzia saritu dute Saludfestival sariketan. Mundo Ciudad fundazioak bultzatzen du sariketa, eta publizitateak osasunaren, elikaduraren eta ongizatearen alorrean duen garrantzia azpimarratzea da bere helburua.

Bi alorretan saritu dute Ezkio-Itsason dagoen agentzia: mugikorreko aplikaziorik onenen mailan, eta publizitate diseinurik onenaren atalean. Erretinosi pigmentarioa pairatzen dutenen Gipuzkoako Begisare elkartearentzat garatu dituzte lan biak, Ikusmen Murriztua Dut lelopean.

Ikusmen Murriztua dut VR izeneko aplikazioak ikusmen urritasuna duten pertsonen egunerokotasuna nolakoa den eta mundua denbora errealean nola ikusten duten irudikatzen du. «App-a sektore honetako lehena da, Euskadin egina bere osotasunean. Smartphone baten kameraren bidez eta errealitate birtualeko betaurreko batzuk erabiliz, hainbat filtrok sintoma ezberdinak simulatzen ditu: tunel itxurako ikusmena, erdigunea ikusteko ahalmenaren galera, fotofobia, ikusmen partxeatua... Gizartea sentsibilizatzea izan da helburua», azaldu du Mendizabalek. 800 deskarga baino gehiago izan ditu, eta Android nahiz iPhonerako dago eskuragarri.

400 komunikazio eta publizitate agentzia baino gehiagok hartu dute parte sariketan, eta Adakik sortutako aplikazioaren «eragin positiboa» nabarmendu du Espainiako Iragarleen Elkarteko zuzendariek osatutako epaimahaiak: «Egunerokotasunean dituzten zailtasunak norberak bere azalean bizitzeko aplikazioak ematen duen aukerak, gaixoenganako sentsibilizaziorako tresna paregabea bihurtzen du», ebatzi du epaimahaiak.

Mendizabal bera izan da Ikusmen Murriztua Dut aplikazioaren eta publizitate kanpainaren zuzendaria, eta aitortu duenez, «ilusio berezia» egin die sariak: «Proiektu bakoitzaren esentzia eta baloreak ahalik eta modurik onenean transmititzen saiatzen gara, eta epaimahaiak hori baloratzen jakin du», azaldu du.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagundu iezaguzu. Eduki hau guztia doan ikusten duzu ez dugulako irudikatzen euskarazko hitzik gabeko Tolosalderik. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ezinezkoa litzateke. Zenbat eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da ATARIA: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezuna: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!