Eskutik, gero askatzeko xedez

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2017ko aza. 3a, 11:41

Orain 25 urte Donostian lehen mintzapraktika bikote eta taldeak osatu zituztenetik, bide luzea egin du Mintzalagun egitasmoak. Iaz, Euskal Herrian, 6.000 bidelagun eta bidelari inguru izan ziren, astero-astero, gutxienez ordubetez, euskaraz.

Gipuzkoan, iaz, 26 herritan, behintzat, bazegoen martxan Mintzalagun proiektua, eta 2017-2018ko ikasturterako beste bi herritan hasi dira: Zestoan eta Anoetan. Datorren astean, azaroaren 10ean egingo dute egitasmoa aurkezteko ekitaldia, Zestoako plazan. Anoetan, herri txikia izan arren, jada hamalau lagunek eman dute izena, eta hasiak dira lehen pausoak ematen.

Mintzalaguneko bikotea bidelagun batek —euskaraz erraztasunez egiten duen pertsona bat, baina inolako titulaziorik behar ez duena— eta bidelari batek —elkarrizketa bermatzeko gutxieneko euskara maila duena— osatzen dute. “Baina gu saiatzen gara hirukoteak izan daitezen, gutxienez, eta, normalki, bostekoak dira talde handienak”, azaldu du Noelia Lataburu Andoaingo AEK-ko irakasle eta Anoetako Mintzalagun taldearen dinamizatzaileak. Dinamizatzaileek osatzen dituzte taldeak, adina, zaletasunak eta egutegi zein ordutegi beharrak kontuan hartuta.

Astean ordubetez elkartzeko konpromisoa dute, eta ordu horretan, noski, euskaraz aritzekoa. “Talde bakoitzak bere kasa funtzionatzen du, eta, hitzordua aldatu edo jarduera zehatz bat egin nahi badute, beraiek erabakitzen dute. Guk, dinamizatzaileok, hilean behin-edo jarraipena egiten diegu, zer moduz dabiltzan galdetu…”, argitu du Ainara Loiarte Andoaingo Mintzalagun taldearen dinamizatzaile eta Mintzanet sareko mintzapraktika zerbitzuaren koordinatzaileak.

AEK, udalak eta Topagunea

AEK-k kudeatzen ditu Andoaingo eta Anoetako Mintzalagun taldeak, eta baita Zestoakoa ere. Baina denak ez ditu hark kudeatzen. Mintzalagun egitasmoak hiru hanka dituela azaldu du Edorta Lopezek, AEK-ko Praktikatu zerbitzuko arduradunak. “Mintzalaguna ezin da ulertu elkarlanik gabe: Topagunea [euskara elkarteen federazioa], tokiko administrazioak eta euskaltegiak, denok batera gaude. Andoainen ez dago euskara elkarterik, eta AEK-k kudeatzen du; baina hirurak dauden tokian, AEK-k kudea dezake, edo euskara elkarteak edo udalak. Beti saiatzen gara hiru agente horiek batera aritu daitezen”.

Mintzalagun taldeetan elkarlana da ardatza. Batek beharra edo gogoa du euskara praktikatzeko, eta beste bat prest dago bere denboraren zati txiki bat horretara bideratzeko. “Euskaldun zaharraren figura nabarmenduko nuke nik. Beti euskaldun berriari eskatzen zaio ahalegina, eman dezala izena euskaltegian, euskara ikasi behar duela… Baina guk, euskaraz betidanik dakigunok, badugu zeregina, eta asko daukagu eskaintzeko”.

Irailean eta urtarrilean egiten dituzte Mintzalagun egitasmoa sustatzeko kanpainak, eta urrian hasi ohi dira martxan. Lopezen arabera, bidelagun faltarik ez dute izaten; “bidelariak badaude, beti bilatzen diegu bidelaguna”, diote bi dinamizatzaileek ere. Baina edozein unetan eman daiteke izena mintzapraktikan hasteko. “Mintzapraktika egin nahi duenari ez diogu inoiz atea ixten; eman dezala izena, eta guk jarriko dugu bidea bidelari horrek bidelaguna izan dezan”. Bidelari izan nahi duenak nahikoa du euskaltegira, euskara elkartera edo udalera joatea izena emateko; eta bere herrian mintzapraktikarako aukerarik ez duenari ere ez zaio mugarik jartzen. “Norbere herrian mintzalagun egitasmoa ez izatea ere ez da oztopo, aldameneko herrian eman dezake izena”, argitu du Loiartek. Helburua argia da: ez dadila inor gelditu talderik gabe, eta lagundu nahi duenak ere aukera izan dezala beti. Alde horretatik, Lataburuk azaldu du Anoetan bi pertsonak eman dutela izena bidelagun izateko, eta bidelari gabe dituela biak. “Beraz, gogo onez hartuko genituzke bai Anoetako bidelariak, baina baita aldameneko herrietakoak ere”.

Jarraitu irakurtzen hemen.

Erlazionatuak

«Orain jada lagunak gara»

Erabiltzailearen aurpegia Eider Goenaga Lizaso 2017 aza 03 Tolosaldea

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!