Anarkistak, bitan isilduak

Erabiltzailearen aurpegia Gipuzkoako Hitza 2016ko abe. 16a, 11:27

CNTko anarkistek 1936ko gerran Gipuzkoan izandako parte hartzea aldarrikatu du Ioseba Landa historialariak. Haien garrantzia eta ekarpena ez dela aitortua izan adierazi du.

CNTko kidea eta 1936ko gerrako miliziano anarkista izan zen Jose Landa, Ioseba Landa (Ibarra, 1988) historialariaren aitona. 3-4 urte zituenean hil zitzaion aitona, eta etxean informazio gutxi zuten hark gerran egindakoaz; beraz, zorra kitatzeko asmoz-edo, aitonaren eta, oro har, euskal miliziano anarkisten pistari jarraitzea erabaki zuen bilobak. Bartzelonan, Historia Garaikidea ikasten ari zela, gaiari buruzko tesina egin zuen. “CNTren urteurrena izan zen 2011n, eta Bartzelonan gaia pil-pilean zegoen. Han pisu handia izan zuten anarkistek, eta hemen zer gertatu zen ikertzea pentsatu nuen”.

Hariari tiraka, ondorio nagusi bat atera zuen Landak: anarkistek Gipuzkoako frontean izandako garrantzia ez da inoiz aitortua izan, eta historiografia ofizialean ia ezerezean gelditu da haien ekarpena. CNTko anarkistak galtzaileen bandoan zeudelako izan ziren isilduak, baina, era berean, garaituei buruzko historian ere ia ezkutuan gelditu zen haien jarduna. Bi bider isilduak, beraz. Herenegun, Tolosan, Ixilduen Oihartzunak, 1936-2016 jardunaldietan, hitzaldia eman zuen Ioseba Landak gaiari buruz.

Anarkistak gerran aritu zirela bai, baina haiek egindakoak, haien aldarrikapenak eta haien lorpenak ezkutuan gelditu direla nabarmendu du Landak, eta, ondorioz, gatazkaren izaera soziala ere ezkutatu dela. “Anarkistak ez ziren hemen ezerezetik azaldu, hemengo jendea zen, lehendik ere bazuten presentzia, eta bazituzten aldarrikapenak. Aitonaren arrebak kontatu zidan aitonari eta bere anaiari jertse gorri-beltzak egin zizkiela —CNTren koloreak—, eta kolore horiek eramaten zirela azaldu zidan. Beasaindik, adibidez, [hangoa zen aitona] 40 miliziano anarkista aritu ziren gerran; ez da gutxiesteko kopurua”. Anarkisten garrantzia azaltzeko gerraurrera, Errepublikaren garaira jo du Landak. “Anarkistak kritikoak ziren Errepublikarekin. Egitura politiko berriak ez zuen lortu herritarren gosea eta miseria amaitzea, langileen zapalkuntza gelditzea; erreformak oso mantso zetozen, herritarren egoera larriegia zen horien zain egoteko, eta jarrera intsurrekzionista bat zuten. Errepresioa pairatu zuten Errepublikaren aldetik ere, baina jende askoren gogoa ordezkatzen zuten”.

Donostia “salbatu” zuten

Landaren esanetan, Gipuzkoan CNTko anarkistak eta UGTkoak izan ziren estatu kolpearen kontra mobilizatzen lehenak. Uztailaren 19an, greba orokorrera deitu zuten. “Eta, uztailaren 22an, EAJkoak Loiolako basilikan bildu eta faxisten altxamenduaren aurrean zein jarrera hartu eztabaidatzen ari ziren bitartean, Loiolako kuarteletik Donostia hartzeko asmoz ateratako militar eskuindarrei aurre egin zieten anarkistek”. Felix Likiniano, Kasilda Hernaez eta Manuel Chiapuso zeuden tartean.

Anarkistak Urbieta eta Larramendi kaleen artean zeuden, haien egoitzaren inguruan, eta eurek lortu zuten kolpistak geldiaraztea. “Fernando Sasiain Donostiako alkate errepublikanoak berak onartu zuen anarkisten balentria, batailaren ostean. ‘CNTk salbatu du Donostia’, esan zuen. Donostiako udal musika banda ere A las barricadas joz atera zen kalera. Eta hori, Ategorrietako sarraskia tarteko, CNTkoen eta agintari errepublikanoen harremanak onak ez izanik”. Izan ere, tokiko agintari errepublikanoek Pasaiako arrantzaleen eta haien senideen protesta baten kontrako oldarraldia agindu zuten 1931n, Ategorrietan. Anarkisten arabera, 24 lagun hil zituzten; iturri ofizialen arabera, sei.

Urbieta kalean izaniko jarrerak, Landaren arabera, jende gehiago erakarri zuen anarkisten aldera. “Hasiera horretan haiek izan ziren kolpeari erantzuten lehenengotarikoak”.

Aiako Harrian

Gipuzkoako Defentsa Batzordeko kide bai, baina Eusko Jaurlaritzako kide ez zen izan CNT. “Ez zuen denborarik eman”. Eusko Gudarostean, ordea, aritu ziren. Landak nabarmendu duenez, baina, EAJk Errepublikaren zilegitasunaren alde mobilizatzea erabaki zuenerako, ezkerreko alderdi eta sindikatuek hamaika borroka egin zituzten. Haren esanetan, CNT izan zen jarrera defentsibo hutsetik ofentsibara pasatzea proposatu zuen bakarra. “Faxistak iristeko zain egon beharrean, abuztuaren hasieran Aiako Harrira joan ziren anarkistak, Likiniano buru zela Loiolako kuartelean bereganatutako armekin, Bidaso ingurutik zetozen erreketeei aurre hartzera”. Ez zuten lortu, eta handik Irun defendatzera jaitsi ziren miliziano anarkistak.

Irunek borroka gogorrak eta hilabeteko bonbardaketak sufritu zituela azaldu du Landak, eta hura erori zenean, irailaren 4an, anarkistek Iruni su eman ziotela jasotzen dute historia liburuek. “Egia da, eta haiek aitortu zuten gasolina bota zutela hainbat tokitan; ez zieten ezer utzi nahi kolpistei, baina Irun suntsituta zegoen ordurako. Kontua da historiografia ofizialean anarkistei buruz irudi hori gelditu dela: anarkista kaotikoek armak lapurtzen zituztela, Irun erre zutela, frontetik etxera itzultzen zirela lotara, ez zutela antolakuntzarik… Eta anarkistek hori baino gehiago egin zuten. Kontua da EAJk arrisku bezala ikusten zituela anarkistak, eta bando berean aritu arren harremanak ez ziren onak”. Landaren ustez, horrek eragina du historiografian anarkistez gelditu den irudian.

Irungoaren ostean, anarkisten bost zutabeak Eusko Gudarostearen parte izan ziren; Intxortetan borrokatu ziren, eta Bilbon, ondoren. “EAJren Santoñako traizioaren ondoren ere, euskal anarkistek borrokan jarraitu zuten”.

Ez diogu hau kapritxo hutsagatik: lagun gaitzazu . Eduki hau guztia doan ikus dezakezu euskarazko hitzik gabeko Tolosaldea ez dugulako irudikatzen. Atarikide, iragarle eta erakunde askoren laguntzarik gabe ez litzateke posible hori. Gero eta komunitate handiagoa sortu, orduan eta sendoagoa izango da Ataria: zurekin, zuekin. Ez utzi biharko gaur egin dezakezun hori: egin zaitez Atarikide!


EGIN ATARIKIDE!